Bidasoa 2018-2023 dokumentalaren proiekzioa
Non: Martuteneko espetxean, Donostian
Noiz: Abenduaren 22an, ostirala, 16:00etan
Sarean ikusgai: Primeran plataforman
------------------------------------------------
Gabonak dira. Ostiral bazkalostea. Martuteneko espetxeko pasillo luzeetan barrena goaz. Jende gutxi dabil, preso gehienak siestan baitaude. Eraikinaren erdialdean, arkitektura panoptikoaren bihotzean bi guardia, kristalezko kaiolan, beheko solairua eta lehena zaintzen. "El carcelero es un prisionero más" (espetxezaina preso bat gehiago da) hitzak datozkit burura beren ondotik igo garenean. Espetxeko liburutegiaren amaieran dagoen proiekzio gelara iritsi gara. Kanpoan hotz da; barnean, berokiarekin, ez hainbeste. Giro goxoa sortuko dute 30 bat presok, aretoa beteta. Dozena bat euskal preso politikoak dira, eta beste guztiak preso sozialak.
Fermin Muguruzaren Bidasoa 2018-2023 dokumentalaren proiekzioaren aurretik, baina, ohiko gora-behera teknikoak: gaurkoan bozgorailuak ez dabiltza (Martutene eta bozgorailuak, zer ironikoa). Zenbait preso beren ziegetako radiokaseteak ekarrita laguntzen saiatu dira. Saiakera askoren ostean, hau espetxea da eta gelaren erdian sabaian dagoen proiektorearen bozgorailutik entzun beharko da. Hori bai, botatzen hasi aurretik, gailua oso oker dago eta zuzen jarri behar da. Aulki baten gainean zutik jarri eta makulu batekin sutil ukituta, maisutasunez konpondu du panorama Joanesek. Ferminen aurkezpen hitz batzuk eta argiak itzali dituzte.
Pettiren kantuak indartsu hasi du filma: “Gerra bakoitzaren ondoren, norbaitek garbitu egin behar du, gauzak ez dira beraiek bakarrik txukunduko...”. Jarraian, ordubetez, Bidasoa ibaiaren inguruan bidaiatuko dute Martutenetik atera ezin duten preso hauek. Isiltasuna erabatekoa da, Dut-en Haize Eza abestia hasi den arte, zenbait presok ahopeka abestuta gozatu baitute.
Bidasoa ibaiaren inguruetan dronearekin grabatutako irudi ikusgarriek eta soinu banda ederrak girotuta –niretzat aurkikuntza handiena Katanga Dub iruindarrek egindako Joxe Ripiauren Lo abestiaren bertsioa–, filma oso lan txukuna da migrazio politikak salatu eta politika arrazista hauen bederatzi biktima hauek humanizatzeko.
Horiek dira bi ideia nagusiak: lehenik, Bidasoa ibaiak ez du inor hil; migrazio politikek hiltzen dute jendea. Hori ertz ugaritatik jorratu du Muguruzak: Bidasoa gurutzatu izan duten herrien memoria, muga itxi duen Frantziako Gobernuaren politika arrazista, Irungo Harrera sarearen lana, migrazio prozesuak dokumentatzen ari den Gari Garaialde fotokazetariaren lekukotza, Afrikarekiko dugun ezjakintasuna eta hemen jaiotako migratzaileen ondorengoek pairatzen duten arrazakeria, Hendaiatik Baionara bidean dagoen polizia saturazioa eta migratzaileek jasaten duten estresa, batzuk aipatzearren.
Bigarren ideia zentrala, esan bezala: hil direnak ez dira zenbakiak. Ezin dira izan. Izen abizenak, familiak eta ametsak zituzten pertsonak ziren. Zenbaki bihurtuz gero, gureak egin du, edozer irentsi dezakegu, Palestinan ere ikusten dugun bezala. Bederatzi historiak, animazio bidez berreraikiak, banaka-banaka, aurretik aipatu ditugun kapituluen artean, Afrikatik Europara eginiko bidaiak jartzen dizkio ikus-entzuleari muturren aurrean. Une labur batez behintzat jar gaitezen beren azalean, eta enpatiza dezagun migratzaileok jasan behar izaten dutenarekin, zertarako eta Gipuzkoa eta Lapurdi artean hilik amaitzeko. Ikusten da puntu horretan indarra jarri nahi izan duela Muguruzak eta filma azken bost urteotan gurean hil diren bederatzi pertsona hauei eskainia da: Tessfit Temzide (21 urte, Eritrea), Yaya Karamoko (28 urte, Bolikosta), Abdoulaye Kolibaly (18 urte, Ginea), Mohamed Kemal (21 urte, Aljeria), Fayçal Hamadouche (23 urte, Aljeria), Ahmed Belhiredj (37 urte, Aljeria), Sohaibou Billa (40 urte, Bolikosta), Ibrahim Diallo (24 urte, Senegal) eta Abderraman Bah (25 urte, Ginea).
Pertsona horien izen abizenak eta dokumentalean elkarrizketatuak garatzen doazen ideiak apuntatzen noa koadernoan: "Ez dezagun ezkutatu errealitatea: errekara salto egiten dute, ezin direlako ni bezala zubitik oinez pasa", “migratzaileak ehizatu egiten dituzte eta horrek erresistentzia pertsonala kolpatu egiten du, jendea oso gaizki iristen da”, “hesiak ez zaizkie pertsonei jarri behar, multinazionalei baizik”, “ez da inoiz amaitzen Polizia”, “Beltzak, zoazte zuen herrira esan izan didate, Hau da nire herria erantzuten diet”...
Eta halako batean, goxo gaudela, filma amaitu da eta lehen lerrotik ahots urratuz 50 bat urteko punki beti-gazte batek sendo hautsi du isiltasuna: “Oso ona filma Fermin, oso ona!”. Jendea barrez hasi da, esanez bezala, hau duk hau!
Gerora, lekuaren berezitasunagatik, solasaldi interesgarria izan da. Arrazakeriaz, mugez, poliziaz, eskuin muturraz... mintzatu dira, gehien bat, preso sozialak –bitartean euskal preso bat desenkusatu da esanez “barkatu, bis a bis-a dut, eta hori baino garrantzitsuagorik ez dago”, eta poz-pozik joan da–. Poliziaren jarduna ongi ezagutzen duten presoek anekdota xelebreak kontatu dituzte, baita bizipen tristeak ere. Batek, adibidez, kontatu du 2021ean Ziburun trenak harrapatuta hil ziren hiru pertsonen gertaera tristean bizirik atera zen pertsona, paralitiko geratu zena, ezagutu zuela, bera ere muga pasatzen saiatzen ari zela. Beste batek dio jartzeko pertsona horien lekuan, Mediterraneoa gurutzatu edo Kanariar Uharteetara txalupan joan denarentzat, ibai hori ez dela ezer... eta hala gertatzen direla gertatzen direnak. Solasaldia bizi joan da, giro onean. Ordubeteren ostean, amaitu da. Jendea pozik dago. Elkar agurtu eta badoaz presoak pixkana aretoa uzten.
18:30ak dira. Pasilloetan, orain bai, jendetza dago. Ondoko gela handian zigarroen ke hodei baten erdian, mahaitxoetan kartetan eta dadoekin jolasean ari dira dozenaka preso. Ondoan daude Telefonicaren telefono finkoak, paretan itsatsitako kabinak bailiran. Ilara dago hitz egiteko, denek estimatzen dute kanpoko aire freskoa. Presoek espetxean tour txiki bat egin digute Martutenen barrena, eta azkenik atera egin gara, atzean ixten joan zaizkigula metalezko sei atetzar. Atera eta ziztu bizian doaz Fermin eta Jone Unanua Pasai Donibaneko Juanba Berasategi aretora. Hura izango dute beren azken aurkezpena.
Espetxetik aterata, ohiko pentsamendua: gu bagoaz eta barruan geratu dira presoak. Auskalo noiz arte. Arratsalde polita behintzat pasatu dugu, eta hori, ez da gutxi hormigoizko eraikin horretan. Pio Barojak Bidasoako errepublikagatik esan zuen arren, jarraitu beharko dugu eulirik, frailerik eta karabinerorik gabeko errepublika bat lortzeko lanean.
Urtarrilak 17: Kanbo, L'Aiglon zinema
Urtarrilak 18 Iruñea, Kondestablearen Jauregia
Urtarrilak 19: Ultzama, liburutegia
Urtarrilak 19: Abadiño, Errota Kultur Etxea
Urtarrilak 20 eta 21: Leitza, Herri Aretoa
Urtarrilak 21: Baztan, Dámaso Zabalza de Irurita gunean
Urtarrilak 27: Lezo, Gezala Auditoriuma
Otsailak 2: Vic, Espai ETC
Otsailak 2: Legazpi, Latxartegi Aretoa
Otsailak 25: Getaria, Eskola Aretoa