argia.eus
INPRIMATU
Bidasoako muga administratiboa gogorrago zaintzeko eskatu dio Frantziak Espainiari
  • Bi herrialdeetako Polizien “kooperazio handiagoa” nahi luke Frantziak, bere ustez, “bigarren mailako mugimenduak” daudelako oraindik ere bi estatuen artean. Urtarrilaren 19an batzartuko dira bi agintari nagusienak Bartzelonan, Laguntasun eta Kooperazio Hitzarmena sinatzeko.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2023ko urtarrilaren 12a
Protesta bateko irudia Irun eta Hendaia artean. (Argazkia: Guilleme Fauveau / Naiz)

Ia bi urteren ondoren, Bartzelonako Montjuïc Jauregian egingo da Frantzia eta Espainiaren arteko goi-bilera hilaren 19an, Pedro Sánchez Espainiako Gobernuko presidenteak hala erabakita. Protesta giro betean, bi herrialdeen artean harreman ona dagoela erakutsi asmoko topaketa izango da, eta Laguntasun eta Kooperazio Hitzarmena sinatuko dute horren adierazle. Edukian ez da espero, ordea, ezer berezirik jasotzea. Emmanuel Macron lehen ministro frantziarrak hitzez eta aurrez aurre eskatuko dio Sánchezi bi herrialdeen arteko pasabideetan “Polizia indarren kooperazio handiagoa” eratzeko. La Vanguardia egunkariak dioenez, Frantzia prest legoke lehen eta bigarren mailako pasabide guztiak irekitzeko, baldin eta bi aldeko Polizia-zerbitzuen lankidetza indartzen bada. Zehatzago esanda, “Polizia unitate mistoak sortzea” iradoki du Macronek, eta ez soilik pasabideetako zaintza indartzeko.

Schengen akordioaren arabera bi herrialdeen arteko pasabideak ezin dira itxi, baina Frantziak argudiatzen du “segurtasunaren mesedetan” egiten duela. Bidegabekeria hau publikoki defendatu du Frantziak 2016az geroztik, Nizan izandako atentatuaren ondoren. Espainiako Estatura begirakoak ez ezik, Italia, Suitza, Alemania eta Belgikarako pasabideak ere gogortu egin zituzten jendarmeek. Covid-19ak eragindako pandemia izan zen aitzakia ondoren, eta egoera gaur arte luzatu da. Espainiako Barne Ministerioak lau haizeetara kexatzeko adorea izan ez duen arren, maiz esan du atzera ere mugak zabaltzeko garaia dela –Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lehendakariak eta Jean-Rene Etxegarai Elkargoko presidenteak ere behin baino gehiagotasun eskatu dute pasabideak irekitzea–. Europar Batasunak esku har dezake gogorrago, baina hitzezko jakinarazpenetatik harago ez da joan.

Protestak goi-bileraren testuinguruan

Kataluniako Generalitatea indar independentisten hausturaren erdian harrapatu du Frantzia eta Espainiaren arteko goi-bilerak. ERC bileraren aurka deitutako protestara batu da, baina Pere Aragonès presidentea Sánchez eta Macronekin egongo da argazki ofizialean; harrera egitera joango da Ada Colau Bartzelonako alkatea ere. ERCren partetik Espainiako Gobernuarekiko nolabaiteko gerturatze keinua izan daitekeelako, alderdiaren jarrerak zeresana piztu du eta kontrako iritziak zabaldu dira Herrialde Katalanetako mugimendu independentistan, hango hedabideetan irakur daitekeenez. Horrez gain, Junts alderdiak azalpenak exijitu dizkio Aragonési.