Pazienteek Donostiara joan behar dute arreta jasotzeko. Osasun Bidasoa plataforma herritarrak salatu du itxierak “are gehiago hondatuko” duela eskualdeko osasun publikoa.
Bidasoako Ospitaleko (Gipuzkoa) haur eta gazteen psikiatrak lanpostua utzi duenez, psikiatriako kontsulta itxi dute. Hori dela eta, pazienteek Donostiara joan behar dute arreta medikua jasotzeko. Bidasoako Ospitaletik Donostiako alde zaharreko osasun etxera hogei minutu inguru daude autoz, eta Donostiakoak dituen pazienteei Bidasoakoak gehituko zaizkio orain. Irungo, Hondarribiko (Gipuzkoa) eta Bortzirietako (Nafarroa) herritarrek eta Osasun Bidasoa plataformako kideek haserrea adierazi dute: “Itxiera hori beste galera bat da Bidasoa eta Bortzirietako eskualdeetako osasun-arreta publikoaren kalitaterako”. Berriz irekitzeko eskatu dute.
Zenbait familiak salatu duenez, ez diete itxieraren inguruko inongo azalpenik eman, itxaron zerrendak luzatzen ari dira, batzuek asteak daramatzate arreta medikurik jaso gabe, eta Donostiako osasun etxea lanez lepo dago.
Plataformako kideek babesa helarazi diete haur eta gazteei. Nabarmendu dute eskualdeko osasun mentalaren inguruko arreta “defizitarioa” izan dela historikoki. Izan ere, paziente helduak Irungo Udalak duela hogeita bi urte baino gehiago behin-behinean Osakidetzari utzitako lokaletan artatzen dituzte: “Instalazioen antzinatasunak eta prekarietateak ez dute ahalbidetzen kalitatezko arreta”.
Itxaron zerrendak luzatzen ari dira, batzuek asteak daramatzate arreta medikurik jaso gabe, eta Donostiako osasun etxea lanez lepo dago
Orain arte, ospitaleko bigarren solairuan eskaintzen zen arreta psikiatrikoa. Baina eremu hori hustu egin behar izan dute ospitaleko bloke kirurgiko berriko lanak egiteko. “Ezin da profesional berririk kontratatu, kontsulta-gunerik ez dagoelako”, esan dute plataformako kideek. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren eta Osakidetzaren asmoa da zerbitzu kirurgikoa “indartzea”, ospitaleko eta lehen mailako arretako “modernizatzeko” eta “hobetzeko”.
Beste zerbitzu batzuetan ere murrizketak
Ez da murriztu duten zerbitzu bakarra; plataformak salatu du azken urteetan urologiako, erradiologiako eta minaren unitateko arreta “nabarmen murriztu” dela, eta traumatologiako eta otorrinolaringologiako itxaron-zerrendak “modu kezkagarrian hazi” direla: “Haur eta gazteen psikiatriako kontsultaren itxierak are gehiago hondatuko du gure eskualdeetako osasun publikoa”. Osasun publikoaren kalitatea hobetzeko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari.