Bi Izarrak opor gunean egongo dira, eta Atherbea elkarteak kudeatuko du harrera. Emmanuel Alzuri Bidarteko auzapezak azaldu du Frantziako Estatuak eginiko eskariari erantzun diotela, eta “elkartasun keinu” gisa definitu du. Calaiseko kanpamendua Frantzia iparraldean dago, eta ehunka pertsona daude bertan, Erresuma Batura igaro nahian.
Urtarrilaren 27tik otsailaren 20ra bitarte Calaiseko etorkinen kanpamenduko 50 pertsona ingururi aterpe emango diete Bidarten. Kazeta.eus hedabideak argitaratu duenaren arabera, Bidarteko Herriko Etxeak eskatu du epe horretan izatea, helburua baita bakoitzaren egoera aztertu eta asilo eskaera egin dutenak horretarako zentro berezietara bideratzea gero. Egun, Frantzia iparraldeko Calaiseko kanpamenduan ehunka pertsona daude Erresuma Batura igaro nahian.
Atherbea elkartea arduratuko da migratzaileei harrera egiteaz, eta Bi Izarrak opor gunean hartuko dute ostatu.
Alzuri auzapezak azaldu du Bidartek Frantziako Estatuak egindako eskari bati erantzun diola, eta, Kazeta.eus-ek jaso duenez, “elkartasun keinu” gisa definitu du. Izan ere, Pirinio Atlantikoetako prefekturak gogorarazi die “helburu humanitario bati erantzutea” dela “gerretatik eta jazarpenetatik ihes egiten dutenei aterpea ematea”.