argia.eus
INPRIMATU
Bidaiak, artelan digitalak sortzeko aitzakia
  • Abuztuan bete-betean sartu garela-eta, oporrak eta teknologia berriak uztartzen dituzten ekimenei buruzko albisteak pilatzen ari ginen, aste honetako Sarekadan proiektu horiei buruz hitz egiteko. Bada, gure arreta El País egunkariak kaleratutako La memoria artística de los viajes artikuluak biltzen dituen ekimenek bereganatu dute, ohikoagoak diren beste batzuen gainetik. Bidaiei eta turismoari loturik dagoen net art edo arte digitala du hizpide erreportajeak. Erabiltzaileen parte hartzea bilatzen du eta bere helburua eguneroko bizimodutik at pasatako egunen oroitzapenei segida ematea da.

2006ko abuztuaren 05
Holding Pattern proiektuaren irudia

Net art proiektu horietako bat Luuk Bouwman holandarraren Tropisms vlog edo bideobloga da. Web guneak Interneteko nabigazioa eta autoreak egindako bidaien dokumentazioa uztartzen ditu eta Bowmanen ekarpenez gain, beste hainbat artistenak ere topa daitezke. Horien artean Jan de Bruin zinema zuzendaria dago. Munduan zehar bidaia ugari egin du bideokamera eta ordenagailu eramangarria alboan dituela eta bere istorioek, blog askoren izaera narratzaile eta linealetik haratago, bidaiaren alde sentikorrena islatzen dute.

 

- Calling 911 bideo erreportajea (Jan de Bruin, 2003)

 

Bestalde, Exonemo kolektibo japoniarrak The Road Movie proiektua garatu du. Origami delakoan oinarritzen da. Alegia, paper puska txikiak ebaki eta horiei forma ematean datzan arte japoniarrean. Proiektuak Yae Akaiwa eta Kensuke Sembo Exonemoko kideek Moblab izeneko autobusean egindako bidaia du abiapuntutzat. Moblabek hainbat webcam ditu eta jasotako irudiak Internetera bidaltzen dituzte, autobus baten siluetara egokitzeko. Irudi horiek PDF formatuan daude eskuragarri ekimenaren web gunean, nahi duen orok jaitsi, moztu eta forma eman diezaien. Autobusaren paperezko maketatxoa lortzeko zein pauso jarraitu behar diren How to fold the bus atalean kontsulta dezakezue. Nekez aterako litzaiguke guri hain autobus perfektua…

 

Bidaietan oroitzapen ugari pilatzen dugu eta horiek ditu ardatz Megan Hurst eta Michael Mittelman artistek sortutako Memory Mapping proiektuak. Egunerokoaren eta argazki albumaren arteko hibrido horrek, interfaze grafiko baten bidez, erabiltzaileari haurra zela bisitatutako leku baten mapa ahalik eta zehatzena marrazteko aukera ematen dio. Funtsean, publikoari irekita dagoen datu-basea da. Egunero jasotzen ditu leku berrien mapak. Geografikoki sailkatuta daude eta turistikoki interesik ez duten datuak nabarmentzen dira: asmaturiko izenak, lagun onenaren etxebizitza seinalatzen duen gezitxoa… Egiari zor, mapak ez dira oso kalitate onekoak, “ume” batzuek marraztu dituztela kontuan izanik ere.

 

Artea eta bidaiak uztartzen dituen laugarren eta azken proiektua Cathy Davesen Holding Pattern ordenagailuentzako pantaila-babesleen bilduma da. PC eta Mac ordenagailuetarako eskuragarri dagoen programa jaitsiz gero, gure pantaila hegazkineko leihatila bihurtuko zaigu. Hainbat argazkilarik hegazkineko eserlekutik ateratako irudiak agertuko zaizkigu mugimenduan. Autoreak dioenez, betidanik liluratu dute garraiobideetako leihatilek eskaintzen duten enkoadratzea, bereziki hegazkinetakoek, “munduari jainko baten ikuspegitik so egiteko aukera ematen dizulako”.