Martxoaren 19an Joxemiel Bidador pastoralaren bigarren emanaldia ikusi ahal izango da Barañaingo Auditorioan, 20:00etan.
Lehen emanaldia urrian egin zen Iruñean, Burgoen Plazan, eta ikuskizunaren arrakasta itzela izan zen, sarrerak agortzeraino. 700dik gora pertsona bildu ziren bertan eta ikusle askok inguruko kaleetatik ahal bezala jarraitu behar izan zuten ekitaldia.
Arrakasta izan zuen antzezlanak, baita antolatzaileen artean sortutako giroak ere. Duguna Dantza Taldea, Zaldiko Maldiko, Euskaldunon Biltoki eta Karrikiri elkarteek sortu dute ikuskizuna. Lan handia eskatu die pastoralaren antolaketa osoak, baina taldeen arteko trinkotze sendoa ere ekarri die.
Orain ikusi beharko da ikuskizuna nola moldatzen den kaleko agertokitik barrukora jauzi egitean. Sarrerak jadanik salgai dira Karrikiri elkartearen Iruñeko dendan.