Urriaren 10ean estreinatuko da Iruñeko Burgoen plazan Joxemiel Bidador, Iruñeko euskaldunak pastorala. Antolatzaileek iragarri dutenez, sarrera guztiak agortu dira jada.
Plaza irekian jokatuko da pastorala eta horregatik, sarrera gisa ikuskizunaren liburuxka saltzen aritu dira Iruñeko Karrikiri Euskaldunon Topagunean. Egindako kalkuluetan ez dute huts egin, joan den astetik iragartzen ari baitziren pastorala jokatzeko eguna baino lehen espero zutela liburuxka guztiak agortzea.
Joxemiel Bidadorren eta Iruñeko euskaldunen omenez
Zuberoatik kanpo ekoizten den bigarren pastoral honek Joxemiel Bidador idazle, ikertzaile, dantzari eta euskaltzalea omentzea du xede, baita, horrekin batera, Iruñeko euskaldunei gorazarre egitea ere.
Jon Alonsok idatzi du obraren testua eta Ihitz Iriart eta Aritz Ibañez arduratu dira zuzendaritza artistikoaz. Guztira 100 lagun inguruk parte hartu dute pastoralaren prestaketan, adin eta izaera desberdineko euskaldunen topaleku bihurtu da ekimena.
Ezohiko pastorala izango da gainera, ikuskizunaren zenbait atal Zuberoako maneran eskainiko diren arren, berrikuntza franko ere eskainiko baititu –horietako batzuk aletu ditugu aste honetan paperezko ARGIAn publikatu dugun erreportajean–.
Bi hitzaldi pastoralaren aurretik
Urriaren 10eko zitaren aurretik Joxemiel Bidadorren figura hobeto ezagutarazteko bi hitzaldi prestatu dituzte ekimenaren sustatzaileek. Lehenbizikoa astelehen honetan eskaini zuen Patxi Labordak: Bidadorrek dantzaren alorrean egindako lana izan zuen mintzagai eta hainbat lagun elkartu zituen Iruñeko Zaldiko Maldiko elkartean.
Bigarrena asteazkenean izango da, hilak 7, Patxi Larrionen eskutik. Joxemiel Bidador eta Mendigatxaren sindromea izeneko hitzaldian, "azkena izatearen kontzientzia" zer den eta horrek Bidadorren lan egiteko moduan eta jardueran nola eragin zuen azalduko du historialariak. Hitzordua Zaldiko Maldikon, arratseko 8etan.
Azken aukera asteburu honetan 'Inexa de Gaxen' pastorala ikusteko.
Lehen aldiz ekainean antzeztu zuten Inesa de Gaxen pastorala, Bastidan (Nafarroa Beherea). Izan zuen arrakasta ikusita, xarnegutarrek irailean berriz biziberrituko dute Gaxengo Inesaren historia, irailaren 21 eta 22an, Bardozen (Lapurdi). 1.000 sarrera jarri dituzte salgai... [+]
Herri-antzerki forma bat da pastorala. Sujet edo protagonista bat (hildakoa) hautatu eta bere bizia bertsotan ematen duena. Kantua ere presente dago emanaldian. Taula zuzendaria, taula gainean arituko diren arizaleak eta musikariak aritzen dira pastorala ematen den egunean... [+]
Julia Fernandez Zabaleta emakume aitzindariaren bizitza ezagutzera ematen duen pastorala larunbatean estreinatuko da, San Frantzisko eskolako jolastokian.
Aurtengo urtea emankorra izango da pastoralei dagokionez, lau pastoral emango baitira; bi Zuberoan eta beste bi Zuberoatik kanpo: Iruñean (Nafarroa) eta Xarneguko (Lapurdi-Nafarroa Beherea) zonaldean. Gure herriko lau historia ezagutaraziko dira oholtzan antzerki,... [+]