argia.eus
INPRIMATU
Biberoiaren bidez milioika mikroplastiko irensten ditu umeak, uste zena baino askoz gehiago
  • Ikerketa berri batek azaleratu du biberoi bidez elikatzen diren umeek milioika mikroplastiko irensten dituztela egunean eta bilioika nanoplastiko litro bakoitzeko. Uste zena baino askoz gehiago da hori eta zerikusia du biberoiak esterilizatzeko eta formula-esnea prestatzeko moduekin. “Pentsatzen genuena baino askoz larriagoa da arazoa eta haurren osasunari nola eragiten dion aztertu beharko genuke”.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2020ko urriaren 20a

Polipropilenozko biberoiak erabiliz egin da ikerketa –plastikorik erabiliena, merkatuaren %82 hartzen duena– eta biberoia esterilizatzeko nahiz formula-esnea prestatzeko erabili ohi diren tenperaturekin egin dute proba. Tenperatura altu horiekin kontaktuan, biberoiak milioika mikroplastiko eta bilioika nanoplastiko askatzen dituela ikusi dute; horiek irenstean haurrak patogenoak eta substantzia kimiko toxikoak barneratzea da zientzialariek duten kezka.

Biberoiaz gain, plastikozko ontzietan janaria prestatzeak ere antzeko kopurutan askatzen ditu mikroplastikoak, Nature Food aldizkarian argitaratutako ikerketa honen arabera.

Egunean 300-600 mikroplastiko ez, milioika baizik

Iaz Osasunaren Mundu Erakundeak kalkulatu zuen gizakiok 300-600 mikroplastiko kontsumitzen genituela egunean. Ikerketa berriarekiko aldea nabarmena da. “Ez da gure asmoa gurasoak larritzea, batez ere ez daukagulako informazio nahikorik balizko ondorioen inguruan, baina nahi duguna da gaia sakon aztertzea eta hartu behar diren neurriak hartzea”.

Nola saihestu biberoiko mikroplastikoak

Zientzialariek bi gomendio eman dituzte, biberoiak askatzen dituen mikroplastikoak saihesteko. Bata, biberoia esterilizatu ondoren berriz ere garbitzea: behin esterilizatuta, ura irakiten jarri plastikozkoa ez den ontzi batean, ur hori hoztu eta ur horrekin biberoia ongi garbitu. “Horrek drastikoki murriztuko du mikroplastiko kopurua”. Beste alternatiba da beirazko biberoiak erabiltzea.