Audiogidak frantsezez, alemanez, ingelesez eta gaztelaniaz daude. Biarritzeko turismo bulegoko zuzendari Genevieve Fontainek argudiatu du euskara ez dela “berehalako eskarietako bat”.
Biarritzeko turismo-audiogidak frantsesez, alemanez, ingelesez eta gaztelaniaz daude eskuragarri, baina ez euskaraz. Honek kolokan ipini du 2021ean Biarritz eta Donostiak euskara sustatzeko sinatutako akordioa, Kazeta hedabideak jaso duenez.
Hutsunea azaltzeko, Biarritzeko turismo bulegoko zuzendari Genevieve Fontainek argudiatu du ez dagoela berehalako eskaerarik euskararentzat: “Ez da ahanztura, harlekuan egin dugun egiaztapen bat baizik. Eskatzen zaizkigun hizkuntzen arabera egiten da, eta euskara ez da berehalako eskarietako bat”.
Bestalde, Fontainek azaldu du audiogidak oraindik “entsegu fasean” daudela, eta egiaztatu behar dutela “errentagarria” zer den: “Funtzionatzen duten eta funtzionatzen ez duten hizkuntzak zein diren ikustea ahalbidetu behar du, baita zer gehitu daitekeen ikustea ere, besteak beste. Baina, bistan da, horrek kostu bat du eta errentagarria izan behar du”.
Turismo zuzendariorde Richard Tarditsek azpimarratu du audiogidak gehien eskatutako hizkuntzetan sortu direla. Halaber, adierazi du turista “oso gutxik” eskatzen dutela informazioa euskaraz, bere ustez euskaraz mintzatzen direnek “frantsetsa edo gaztelania ere badakitelako”.
Tarditsek nabarmendu du, ordea, euskarazko audiogidak eskatzen dituzten turisten kopurua handitzen bada, horiek ezartzeko prest egongo liratekeela: “Ukanen bagenu, horrek ahalbidetuko liguke ikustea, beharbada, audiogidak euskaraz egiteko beharra badela, egia da”.