argia.eus
INPRIMATU
Biarritzeko G7 gailurra: datorren matxinada?
  • Bellevue plazan den Oteizaren eskultura tindaturik, Macron Biarritzera etortzekoa eta azkenean ez, auzapezak hitzeman “dispositibo arinduak” egiazko setio poliziala irudi, istiluak, atxiloketak, zaurituak. Zortzi hilabete gelditzen dira oraindik eta jada, G7 gailurraren antolaketa bazterrak ozpintzen hasia da. Joan den abenduaren 18an, jaka horiek plazara ekarri ezongi sozialak bat egin zuen bestelako aldarrikapenekin, izan euskaldun, antikapitalista, ekologista...

Hartzea Lopez Arana 2018ko abenduaren 19a

Nahiz lekuko hautetsi batzuk gailur horrekin loriatuak egon, gero eta gehiago izanen gara hitzordu horren kontra altxatuko garen jendeak. Arrazoi anitzengatik, hala nola iruditzen zaigulako munduko potentzia handienek planeta larriki zauritzen dutela eta nahiz ele ederrak erabili, ildo beretik segituko dutela, betidanik egin izan duten bezala. Urgentzia klimatikoa eta desberdintasun sozialak tratatuko dituzte omen. Ez gaitzatela berriz jukutrietan ito.

Aspaldiko partez, Euskal Herri osoan, kolore eta tendentzia desberdinetako kolektibo, alderdi, sindikatuak elkarrekin lanean hasiak gara “G7 EZ” deitu plataforman, kapitalismoaren aurrean hainbat alternatiba eta praktika daudela adierazteko. Xede nagusia, dudarik gabe, gailurra eragoztea edo trabatzea izanen da, aberatsenen pribilegioak gehiengoaren bizkar atxiki nahi dituztenekin elkar aditzea ezinezkoa delako. Trump eta gisa bereko pertsona hastiagarriei ez diegu ongi etorria emanen, ez Euskal Herrian, ez inon!

Gure lekuko hautetsiek halako tragediak errepikatzea nahi dute, diruaren eta ospearen izenean? Eta zer pasako da, giro nahasi horretan, jaka horien protestak ez badira itzaltzen? Biarritzeko auzapeza oraindik garaiz dago: G7 gailurra ezeztatu behar du

Milaka jende etorriko dira Euskal Herritik baita Europatik G7ari ez ozenki erratera, horrek suposatuko dituen arriskuekin. Veunac, Bru, Etchegaray jaunttoek hori kontutan hartuko beharko lukete, Macronen txakurtxoak izan ordez. Aski dute begiratzea 2017an Hamburgo hirian gertatu G20ak zer kalapita gogorrak eragin zituen. Edo gogoratzea Genovan 2001ean antolatu G8an, poliziak hogeita hiru urteko gazte bat erail zuela.

Gure lekuko hautetsiek halako tragediak errepikatzea nahi dute, diruaren eta ospearen izenean? Eta zer pasako da, giro nahasi horretan, jaka horien protestak ez badira itzaltzen? Michel Veunac Biarritzeko auzapeza oraindik garaiz dago: G7 gailurra ezeztatu behar du. Baldintzak ez dira egokiak. Eta kitto.