argia.eus
INPRIMATU
Ura eten diete 1.130 familiari Bizkaian azken bi urteetan
  • Zerbitzua ez ordaintzeagatik kendu diete ura familia horiei. EH Bilduk arazoari aurre egiteko proposamena aurkeztu du Bizkaiko Ur Partzuergoko batzarrean, baina Naiz-ek zabaldu duenez egindako proposamena eztabaidatzeari uko egin dio batzarrak.

Asier Arrate Iruskieta @AsierArrate 2015eko abenduaren 23a
EH Bilduk proposatu du negoziaketa prozesuak abiatzea ordainketak bideratu eta ura ez eteteko ordaindu ez dutenei.

Koalizioak bere proposamenean azaldu zuen faktura ez ordaintzeak ez duela ur horniketa etetea ekarri behar, eta kasu horietarako proposatu du negoziaketa prozesuak abiatzea ordainketak bideratu eta ura ez kentzeko ordaindu ez dutenei.

EH Bilduko Bizkaiko alkate eta zinegotziek proposamena luzatu zioten partzuergoari arazoari irtenbidea eman, eta ur hornidura ziurtatzeko. Arrigorriagako Beteluriko plantan eginiko batzarrean proposamena ez zen eztabaidatu, ordea, EAJko eta PSEko ordezkariek “araudi arazoak” zeudela argudiatu zutelako.

Aulestiko alkate Mikel Ansotegik nabarmendu du ura pertsona ororen “oinarrizko baliabidea” dela. “Ura etetea, horretarako arrazoiak kontuan izan gabe, onartezina da”, adierazi du, “ura ez da merkatuen logikaren arabera kudeatu behar den baliabidea”. Bestalde, Ansotegik partzuergoko batzarrean ur hornidura kudeatzeko arautegia birplanteatzea proposatu zuen, “kontabilitatera baino sozialera bideratzeko”.

Informazio gehiago Bizkaiko Ur Partzuergoaren pribatizazio arriskuaz