Gorka Ovejero, Julio Villanueva eta Ibon Garciari bina urteko kartzela zigorra ezarri die Espainiako Auzitegi Nazionalak. AHTren aurkako protesta gisa Barcinari tartak jaurtitzea egotzi diete.
Kartzela zigorraz gain, hiruna hilabeteko isuna ezarri die hiru “tartalari”-ei: tarte horretan egunero 10 euro ordaindu beharko dituzte, 2011n Okzitaniako Tolosan Nafarroako presidentearen kontrako protesta ekintzan parte hartzeagatik.
Mikel Alvarezi berriz, urtebeteko zigorra eta hilabeteko isuna jarri diote, konplize izatea egotzita.
"Atentatua"
Nafarroako presidentearen kontrako "atentatu" gisa hartu du epaitegiak tartak jaurtitzea, fiskalaren eta akusazioko abokatuaren tesiak bere eginez.
Auzitegi Nazionalak gaineratu du, tartakadak delitua direla gertakariak jazo ziren lekuan ere. Frantziako Estatuko autoritateek ekintza "biolentzia delitu" gisa hartu zutela diote eta hori "atentatu" delitua baino doi bat arinagoa besterik ez dela.
Bederatzi urte eskatzen zituzten
Nafarroako presidentearen aldeko akusazioak bederatzi urteko zigorra eskatzen zuen tartak jaurti zituztenen kontra eta fiskaltzak bost urtekoa. Defentsako abokatuak argudiatu zuen auzipetuak ez zeudela Okzitaniako Tolosan Barcinari tartakadak eman zizkioten egunean.
Tartakaden bideoa:
Tartalarien aldeko ekimenetako bat.
Auzitegi Nazionalaren aurrean protesta.