argia.eus
INPRIMATU
Bi urteko kartzela zigor eskaera mantendu du fiskalak, Twitterren iritzia eman zuen Barakaldoko gazte batentzat
  • Madrilgo Auzitegi Nazionalean Kaiet Prieto Twitter erabiltzailearen kontrako epaiketa hasi da gaur. Fiskalak haren kontrako 2 urteko kartzela zigor eskaera mantendu du, hainbat txiotan euskal presoen egoeraz edo ETAko kide ohien inguruan iritzia emateagatik.

ARGIA @argia 2018ko otsailaren 01
Kaiet Prieto Audientzia Nazionaletik irtetean (argazkia: Pablo Hasélen absoluzioaren aldeko plataforma)

Prieto Armiarma operazioan atxilotu zuten 2015ean, besteak beste herrikide duen Andeka Juradorekin. Azken honek urte eta erdiko epaia du bere kontra, Auzitegi Gorenak berretsia, berak idatzi ez zituen hainbat txio zabaltzeagatik. Asteazkenean jakinarazi zuen azkenean ez dutela kartzelan sartuko:

Egun berean Pablo Hasél rap kantari katalanaren kontrako epaiketa ere hasi da, bere abestietan Espainiako monarkia “kalumniatzeagatik” edo terrorismoa goratzeagatik auzipetu dute. Bost urteko espetxe zigorra eskatzen dute artista ezkertiarrarentzat.

Epaiketa horiek salatzeko elkarretaratzea deitu du Armiarma Operazioan Auzipetutakoen Absoluzioaren Aldeko Plataformak, Barakaldoko Bide Onera enparantzan arratsaldeko 20:00etan. Mobilizazioa eragile sozial, sindikatu eta talde politiko ugarik babestu dute.