argia.eus
INPRIMATU
Bi urteko haurrentzako EAEko hezkuntza eskaintzan, zein pisu du sare publikoak eta zein itunpekoak?
  • Bi urteko haurrentzat Eusko Jaurlaritzak planifikatutako hezkuntza eskaintza aztertu du STEILAS sindikatuak. Sare publikoa eta itunpekoa “lehian dauden udalerrietan”, itunpeko eskaintza handiagoa dela nabarmendu du, bereziki 10.000 biztanletik gorako herrietan.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2023ko otsailaren 28a
EAEko 64 udalerritan aurki ditzakegu bai ikastetxe publikoak bai itunpekoak.

EAEn hezkuntza eskaintzen duten 187 udalerrietako 113tan sare publikoa soilik eskaintzen da, eta horietatik 43 eskola txikiak dira. Zortzi udalerritan ez dago eskaintza publikorik (La Puebla de Labarka, Iruraiz, Loiu, Anoeta, Ibarra, Irura, Lazkao eta Usurbil), eta STEILASek salatu du herri horietan ikastetxe publikoa sortu beharrean eragin-eremua handitu dutela –alegia, sare publikoan matrikulatu nahi izanez gero inguruko herri bat egokitzen zaiela herri horietako haurrei–.

Hezkuntza sare publiko eta itunpekoaren “arteko talka” herri zehatzetan ematen da, bereziki 10.000 biztanletik gorako herrietan, “hezkuntza eskubidea negozioa ez den herri txikietan hezkuntza publikoak bermatzen duelako eskubide hori”, sindikatuaren arabera. Zehazki, EAEko 64 udalerritan aurki ditzakegu bai ikastetxe publikoak bai itunpekoak, eta STEILASek lortutako datuek erakusten dutenez, horietatik 34 herritan itunpeko eskaintza handiagoa da publikoa baino, 28 herritan eskaintza publikoa handiagoa da, eta bi herritan parekoa da eskaintza.

Andoain eta Zamudion, %15eko eskaintza publikoa

Datuen irakurketa ere egin du STEILASek eta azpimarratu du bi sareen konkurrentzia dagoen herrietan “eskola publikoa galtzen” ari dela: “2023-2024 ikasturterako 2 urterako eskaintza ez da %45era iristen udalerri horietako 27tan. Gainera, 13 herritan ez da %35era iristen, muturreko kasuekin, hala nola Zarautzen (%32ko eskaintza publikoa), Leioan (%30), Durangon (%28), Bermeon eta Orion (%26), Tolosan (%24), eta Andoainen eta Zamudion (%15).

“Eskaintza publikoa eta itundua dagoen lekuetan, itunpeko eskolak eskaintzen ditu ikaspostu gehien, eta eskola publikoari eginkizun subsidiarioa uzten dio. Egoera hori larriagotu egiten da itunpeko eskola-plazen gehiegizko eskaintza dagoen herrietan, behar diren plazen oso gainetik, eta udalerriko eskolatze-premia guztiak ere gainditzen dira kasu batzuetan”.

Aldiz, soilik eskola publikoa duten hainbat udalerritan plaza publiko nahikorik ez dagoela eta ondorioz herri horietako eskolatze beharrak ez direla asetzen gaineratu du, esaterako Berriz, Derio, Urduliz, Legutio, Astigarraga eta Lasarten.

Itunpeko sarean gaineskaintza dagoela eta hainbat herritan beharrezkoak ez diren plazak eskaintzen ari direla ohartarazi du STEILASek, nahiz eta herri berean bete gabeko plaza publiko libreak egon.

STEILASek argitaratutako dokumentua lotura honetan irakur dezakezu.