argia.eus
INPRIMATU
Urdaibaiko Guggenheimen proiektua bi urtez etengo dutela iragarri dute Lakuak eta Bizkaiko Aldundiak
  • Iñigo Urkullu lehendakariak jakinarazi du proiektua geldituko dutela 2024 eta 2025ean. Bilboko Guggenheim museoko patronatuak proiektuaren “bideragarritasuna” aztertu nahi du. Guggenheim Urdaibai Stop plataformaren esanetan, etena ez da "onargarria" eta proiektua behin betiko bertan behera gelditu arte lan egingo duela iragarri du.

Mattin Azpiroz Pagola 2024ko urtarrilaren 23a

Urdaibaiko Guggenheim museoaren proiektuak gutxienez bi urtez itxaron beharko du, Iñigo Urkullu lehendakariak jakinarazi duenez. Proiektua behin-behinean geldirik geratuko da aurten eta datorren urtean, Bilboko Guggenheim museoko patronatuak proiektuaren inguruan “hausnartzeko” denbora hartu nahi duelako. Bi urteko tarte horretan erabakiko du Urdaibaiko eraikinak aurrera jarraituko duen ala ez.

Bizkaiko ahaldun nagusi Elixabete Etxanoberekin bildu zen Urkullu astelehenean Gasteizen, eta bileraren ondoren eman du albistea. Lehendakariak adierazi du “hausnarketarako denbora” hartu nahi duela museoaren patronatuak: “Ez dugu erabakirik hartu. Ikusiko dugu ideia hori posible den, asko dago hausnartzeko”. Hala ere, jakinarazi du proiektuaren “lanak aurreratzen” jarraituko dutela, esaterako aldaketa urbanistikoen alorrean.

Museoko patronatua osatzen dute Babesle Fundatzaileen ordezkariek —Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta The Solomon R. Guggenheim Foundation— eta Babesle ez fundatzaileek, eta Eusko Jaurlaritzako Lehendakaria da patronatuaren presidentea. Oraintxe bertan, aldaketak egiten ari dira Guggenheim fundazioko New Yorkeko zuzendaritzan, eta ekainean sartuko da Bilboko fundazioaren ardura hartuko duen kudeatzaile berri bat. Patronatuaren abenduko bileran erabaki zuten bi urteko tartea hartzea “bideragarritasuna” aztertzeko, zuzendaritzako aldaketa-prozesua amaitu bitartean.

Guggenheim Urdaibai Stop Plataforma: "Ez da onargarria"

Proiektuaren bi urteko etenaldia ez da nahikoa hainbat eragilerentzat. Guggenheim Urdaibai Stop plataformak ez du bat egiten proiektua behin behinean gelditzearekin: “Urte biko etenaldia ez da onargarria, hori ez da nahikoa. Plataformak lanean jarraituko du proiektua behin betiko bertan behera gelditu arte”. Hauteskundeen hurbiltasunarekin lotu du etena plataformaren bozeramaile batek. Euskadi Irratiari eginiko adierazpenetan etenak ez duela "inolaz ere" interes elektoralekin zerikusirik ziurtatu du Itxaso Atutxak.

Plataformak gogoratu du errekurtsoa aurkeztu duela, iazko urriaren 19an Ministro Agindu batek 100 metrotik 20 metrora murriztu zuelako proiektua eraiki nahi duten kosta-zatiaren “babes-zortasuna". Aldaketaren aurkako errekurtsoa ipini du plataformak, berriz ere 100 metroko babes-zortasuna deklara dezaten, “Kostaldeari buruzko uztailaren 28ko 22/1988 Legean xedatzen den bezala”.

Adierazi du “ezinezkoa dela” Guggenheim Urdaibai proiektua aurrera eramatea gaur egun indarrean dauden legeekin, eta proiektua “legez kanpokoa” dela: “Gogoan izan behar da Bizkaiko Foru Aldundia hainbat araudi aldatzen ari dela Guggenheim Urdaibai proiektuaren barruan aurreikusita dituen bi museoak biosfera-erreserbaren barruan kokatzeko, indarrean dagoen araudiak ez diolako proiektu museistikoarekin aurrera egiteko biderik ematen”. Halaber, ez du bat egiten bi urteko etenaldiarekin: “Urte biko etenaldia ez da onargarria, hori ez da nahikoa. Plataformak lanean jarraituko du proiektua behin betiko bertan behera gelditu arte”.

ELA sindikatuak prentsa oharra zabaldu du erabakia ezagutu ostean, eta eskatu du hausnarketa prozesuan herritarren eta eragileen parte hartzea sustatzea, “eskualdeak nahi duen eta behar duen etorkizuneko proiektua denon artean birpentsa dadin”. Jakinarazi du “trantsizio ekosoziala bideratuko duten proiektuak” bultzatuko dituela: “Eskualdeak behar duena da transizio ekosozialaren printzipioetan oinarrituriko etorkizuneko proiektua, pertsonak eta bizitzak erdigunean jarriko dituena, planetaren mugak errespetatuko dituena, eta negozio handien mesederako baino gehiago, herritarren ongizaterako pentsatuko dena”.