Urriaren 8 eta 9an izandako auziaren epaia eman du Parisko Zigor Auzitegiak. Urrutikoetxea ETAko kidea izan zela frogatu gabetzat eman badu ere bi urteko espetxe zigorra ezarri dio, espetxean sartzeko beharrik gabe. ETArekiko "sinpatia" eta etakideekin harremana eduki izanagatik zigortu dute.
2003 eta 2005 artean ETAko kidea izan zela ziurtatzeko aski froga egon ez arren gaizkile elkarteko kide izateagatik erruduna dela ebatzi du Parisko Zigor Auzitegiko epaileak. Berriak jaso duenez, ETArekiko “sinpatia” eta etakideekin harremana zuela frogatutzat eman du epaileak, eta bi urteko espetxe zigorra ezarri dio. Ez du kartzelan sartu beharko, baina urte batez zigorren aplikazioko epaileak jarritako hitzorduetara agertu beharko da. Fiskalak helegitea jar dezake oraindik.
Urriaren 8 eta 9an epaitu zuten Urrutikoetxea. Fiskalak espetxean sartzeko arrazoirik ez zegoela esan arren lau urteko kartzela zigorra eskatu zuen haren aurka, betetzeko beharrik gabe. Datorren urteko otsailean beste epaiketa bat izango du Parisko Dei Auzitegian, 2005ean ETArekin harremana eduki izana leporatzen baitiote.