argia.eus
INPRIMATU
Bi urteko epean independentziari buruzko erreferenduma deitu nahi du Eskoziako lehen ministroak
  • Independentziari buruzko lehenengo erreferendumetik bost urte pasa direnean, bigarren galdeketa bat iragarri du Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak, bi urteko epean deituko litzatekeena. Brexitaren ostean, asmoa da herritarrei galdetzea Erresuma Batuaren baitan Europar Batasuna utzi nahi duten ala herrialde independente izan nahi al duten.

ARGIA @argia 2019ko apirilaren 24a

Brexit aferak Londresko parlamentuaren “krisi demokratiko sakona” azaleratu du eta erakutsi du parlamentu horrek ez diela Eskoziako interesei erantzuten. Hala uste du Sturgeonek. Brexitak Eskoziari kalteak eragingo lizkiokeela iritzita, Erresuma Batuak Europar Batasuna utziz gero galdeketa berria agindu du.

Brexitari buruzko erreferendumean eskoziarren %62k Europar Batasunean segitzearen alde bozkatu zuela ere gogoratu du.

Independentziari buruzko lehen galdeketa 2014an egin zuten Eskozian, eta orduan ezezkoa gailendu zen, baina tarte txikiagatik. Bigarren galdeketa deitzeko, Londresko Gobernuaren baimena behar dute, baina Sturgeonek adierazi du Eskoziako indarrek bat egiten badute Erresuma Batuan ez dela gobernurik izango “erreferenduma egitea eragozteko gai izango denik”.