argia.eus
INPRIMATU
Bi urteko epea beteta, hitz emandako errefuxiatuen herena baino ez du jaso Europak
  • Orain urte bi, Europar Batasunak errefuxiatuak jasotzeko kuotak banatu zituen estatu kideen artean, batez ere Italia eta Greziari presioa arintzeko, horietara iristen baitziren gehienak, Mediterraneoan barrena. Epea bete da eta hartutako konpromisoaren %28 inguru baino ez da bete, askoz gutxiago Espainiako Estatuan (%13) eta Hego Euskal Herrian. Iruñean mobilizazioa iragarri dute.

Unai Brea @unaibrea2 2017ko irailaren 26a
Siriako eta Irakeko errefuxiatuak Lesbos uharte greziarrera iristen. (Arg.: Ggia-CC By SA)

Ia herrialde batek ere ez du bete hartutako konpromisoa; oso errefuxiatu kopuru txikiak hartzekoak zirenak dira salbuespena (Maltak 148 pertsona hartu behar zituen; Letoniak 481). Adostutakoaren arabera, EBko estatuek 98.000 lagun jaso behar zituzten, baina boluntarioki iragarri zuten 160.000 hartuko zituztela. Europako Batzordeak irailaren 6an emandako txostenaren arabera, 28.000 besterik ez dira izan.

Alemaniak eta Frantziak hartu dute errefuxiatu gehien, baina hitz emandakoaren %100etik urrun. Alemania europar batez bestekoan ibili da gutxi gorabehera, %30, nahikoa hala ere azkeneko hauteskundeetan ultraeskuin xenofoboak zartako galanta eman eta Merkelen garaipena ozpintzeko. Frantziako Estatuak, berriz, zegozkion ia 20.000 pertsonen %22ri baizik ez die eman ostatu.

Lazgarriagoa da Espainiako Estatuaren kasua, Europa osoan kuota betetzetik urrunen geratu denetako bat baita: derrigorrez hartu behar zituen 9.000 inguru errefuxiatuen %13 besterik ez du jaso: 1.257. Eta kontuan izan behar da Madrilek konpromisoa agertu zuela ia 16.000 laguni ateak zabaltzeko.

Kopuru eskas horien aurrean, manifestaziora deitu dute Iruñean, irailaren 26ko 19:00etan, “Non daude?” goiburuarekin, eta Gazteluko Plazatik abiatuta. Antolatzaileek salatu dutenez, hitza ez betetzea nahikoa ez eta gainera Adiskidetasunaren Asturiaseko Printzesa Saria emango diote Europar Batasunari urriaren 20an.

Bestalde, eldiario.es egunkari digitalak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoari dagozkion kopuruen berri eman du. Azaldu dutenez, 134 errefuxiatu hartu ditu EAEk, orain bi urte 1.000 jasoko zituela iragarri bazuen ere. Erraz kalkulatzen da portzentajea Espainiako Estatu osokoaren berdina dela.