Kondenatuak Tutera eta Cintruenigoko bi ehiza barrutietako presidenteak eta basozain bat dira. Ehiztariei ehizaki kopurua murrizten dietelako hil zituzten harrapariak.
Iruñeko Bigarren Zigor Epaitegiak bi urte eta zortzi hilabeteko espetxe zigorra ezarri die Manuel P.G., Ángel G.J. eta Juan S.M. erriberatarrei. Horrez gain, 67.538,65 euroko kalte-ordainak ordaindu beharko dizkiote Nafarroako Foru Erkidegoari, eta 5 urtez eta lau hilabetez zinegetikarekin harremana duten arduretarako inhabilitatuak izan dira. Kondenatuek helegitea jartzeko aukera dute.
Epaitutako gertaerak 2012ko apirila eta uztaila artekoak dira. Hainbat ehiza barrutitako basozainek 117 hegazti harrapari eta lau bele aurkitu zituzten hilda epe hartan, desagertze arriskuan dauden harrapari handiak tartean. Ondoren eginiko analisiek jakinarazi zuten eragin azkarreko pozoiek –fentioia eta S-metil-demetoia– hil zituztela hegaztiak .
Hiru pertsona izan dira zigortuak, baina sententziak frogatutzat eman du pozoiketa masiboa lau ehiza barrutietako zuzendaritzek planifikatu zutela; bi Tuterakoak, Cintruenigokoa beste bat eta Fiterokoa laugarrena. Pozoitutako hegaztiak eperren eta erbien harrapariak dira, eta horien kopurua murrizten dute. Ehiztarien ehizaki nagusiak ere badira eperrak eta erbiak; hori izan zen pozoiketa planifikatuaren zioa.
Epaiketan Ekologistak Martxan, SEO/BirdLife eta WWF elkarte ekologistek akusazio partikular gisa jardun dute. Sententziak tankerako ekintzek eragiten dituzten kalte ekologikoez eta horien ondorio penalez ohartarazteko baliagarriak izatea espero dute.