Astelehenean hasi da Bilbon Kukutza defendatu zuten 19 gazteren aurkako epaiketa. “Desordena publikoa” eta “erresistentzia” leporatuta, urte eta erditik bi urte eta erdirainoko zigorrak eskatzen dizkie fiskaltzak.
Lau urte beteko dira irailaren 21ean Ertzaintzak Bilboko Kukutza III gaztetxea desalojatu zuenetik. Errekalde auzoan istilu handiak gertatu ziren egun haietan, gaztetxea defendatzera atera ziren milaka herritarren eta poliziaren artean. Ertzaintza gogor oldartu zen babesa adieraztera gerturatutako jendearen aurka, eta jende ugari atxilotu zuten.
Iñaki Carro auzipetuen abokatuak Euskadi Irratian adierazi du epaiketa hau Kukutzaren aldeko “mugimendu erraldoiaren” aurkakoa dela, eta nabarmendu du auzipetuei istiluak eragitea leporatzen badiete ere, hauek gertaerak baino lehenago atxilotu zituztela.
Azken orduan Kukutzako Twitter kontutik zabaldu dutenez, epaiketa hasi da eta Udaleko abokatua ez da aurkeztu.
Larunbatean gaztetxeen eta gune autogestionatuen alde mobilizazio jendetsuak egin dituzte Bilbon eta Donostian.
Bilbon Kukutzaren aldeko eta epaituak izango diren 19 gazteei babesa adierazteko manifestazioa egin dute Jesusen Bihotzetik abiatuta. EH Bildu, UdalBerri eta Ganemosen babesa jaso du mobilizazioak.
Donostian Groseko Kortxoenea gaztetxearen alde izan da ekimena. Giro alaiean, irailaren 4ean Udalak abiatutako desalojoaren aurka egin eta gaztetxea bizirik nahi dutela aldarrikatu dute. Topatu.info-k bi mobilizazioen jarraipen zabala egin du.