argia.eus
INPRIMATU
Pablo Gonzalez kazetariak Polonian preso bi urte beteko dituela salatzeko manifestazioa deitu dute Gernikan
  • Otsailaren 28an bi urte beteko atxilo. Egun horretarako, Gonzalez libre uztea aldarrikatzeko manifestaziora deitu du Guernica Gernikara ekimenak.

Mattin Azpiroz Pagola 2024ko urtarrilaren 26a

Bi urte beteko ditu Pablo Gonzalezek espetxeratuta. 2022ko otsailaren 28an atxilotu zuten euskal kazetaria Polonian, eta libre uztea aldarrikatzeko manifestazioa deitu du Guernica Gernikara ekimenak. Prentsa askatasuna. Pablo askatu! Lelopean bilduko dira otsailaren 28an Gernikako Merkurio iturrian 19:00etan.

Migrazio-krisiaz informatzen ari zela atxilotu zuten, Rzeszow hirian, Ukrainako mugatik gertu. Poloniako fiskaltzak Errusiako zerbitzu sekretuen alde lan egite egotzi zion, hau da, espioitza. Hamar urteko espetxe zigorra du jokoan, eta Poloniak “eskubide ugari urratu” dizkio, Europar Batasuneko kide gisa errespetatu beharrekoak. Esaterako, ukatu egin zioten familiarekin edo konfiantzako abokatu batekin harremantzeko aukera. Inkomunikatuta mantendu zuten.

2022ko azaroaren 22an bere emazteak bisita egin zion kartzelan. Bi egun geroago, hilaren 24an, Poloniako justiziak jakinarazi zuen bere prebentziozko espetxealdia hiru hilabetez luzatuko zela, baina ez zituzten publiko egin haren aurkako frogak. 2023ko azaroaren 15ean, zazpigarren aldiz luzatu zioten. Bi urte beteko ditu epaiketa-datarik ezarri gabe.