argia.eus
INPRIMATU
Bi sexu eraso salatu dituzte, Donostian eta Zarautzen
  • Uztailaren 1ean bikotekide ohiak eraso egin zion emakume bati Donostiako Alde Zaharrean eta uztailaren lehen asteburuan pairatutako sexu erasoa salatu zuen emakume batek Zarautzen.

Maddi Viana Zubimendi @maddi76_ 2022ko uztailaren 07a
Zarauzko Bilgune Feministaren agerraldia. Argazkia: Zarauzko Bilgune Feminista, @ZarauzkoBF Twitterren.

Donostian uztailaren 1ean jazotako erasoaren berri Noticias de Gipuzkoak eman zuen. Adierazi dutenez, gizonezkoak urruntze-agindua hautsi zuen, eta bere bikotekide izandako emakumea sexu harremanak izatera behartzen ahalegindu zen. Emakumeak uko egin zion sexu harremanak izateari eta horren aurrean ukabilkada bat eman zion gizonak aurpegian. Gizonak alde egin aurretik telefono mugikorra kendu zion, Polizia deitu ezin zezan. Bizilagun batek aurkitu zuen emakumea, eskailera-buruan eta 112 zenbakira hots egin zuen. Gizona atxilotua izan da genero-indarkeria, sexu-erasoa eta urruntze-agindua urratzea egotzita.

Zarautzen jazotako sexu erasoari dagokionez, Ertzaintza gertatutakoa ikertzen ari da. Zarauzko Udalak adierazpena kaleratu eta elkarretaratze isila egin du uztailaren 6ean. Eguerdian egin dute elkarretaratzea udaletxe parean. Gipuzkoako Foru Aldundiak bat egin du Zarauzko Udalaren adierazpenarekin, eta elkartasuna adierazi dio biktimari. Arratsaldean, 19:30ean Zarauzko Bilgune Feministak agerraldia egin du sexu erasoa salatzeko.

Naizek jaso du bertan esandakoaren laburpena. Azpimarratu dute indarkeria matxista egiturazkoa dela eta eguneroko harremanetan oso presente dagoela. “Honen aurrean argi eta ozen adierazten dugu: Emakume bat ukitzen badute, denok ukitzen gaituzte”, adierazi dute. Erasoen aurrean hainbat aldarrikapen ere egin dituzte, espazio publikoa segurua izan behar dela, herriko tabernariek eskaintzen duten aisialdi eredua aztertu beharra dagoela, hezkuntza arloan ere neurriak hartu behar direla, nesken ahalduntzen eta autodefentsa feministaren ildoa lantzen jarraitu behar dela eta gizonekin “argiki” lan egin behar dela. Maskulinitate eredu berriak gehiagok landu beharra dagoela adierazi zuten, “mutil gazteekin, haurrekin” egin behar dela lana, eta baita haien eredu diren helduekin ere. Gaur egun dagoen “maskulinitate eredua zapaltzailea” delako, erasotzailea.