argia.eus
INPRIMATU
Iruñeko talde bortxaketa bat argitzeko frogak ezkutatzeagatik Espainiako Poliziako agente bat ikertzen ari dira
  • 2016an jazotako talde bortxaketaren harira, bi ikerketa lerro abiatu dira. Bata sexu erasoaren gainean, eta bestea erasoa estaltzeko Espainiako Poliziako agente batek ustez izandako esku hartzearen inguruan. Bortxaketarekin zerikusia dutenen artean, foruzain bat ere bada.

Amaia Lekunberri Ansola 2020ko maiatzaren 27a
San Ferminetan jasotako talde bortxaketa gaitzesteko manifestazioa Iruñean (Argazkia: Ekinklik)

Iruñeko Instrukzioko 1. Auzitegia ari da 2016an abiatutako kasua ikertzen. Urte hartako abenduaren 8an bi emakume bortxatu zituzten Erripagaña auzoko etxebizitza batean. Emakumeak hiru gizonekin bildu ziren Otaño tabernan, tartean foruzain bat zela. Biharamunean, etxebizitza batean esnatu ziren emakumeak, lesioekin eta aurreko gauean gertatutakoaz ezer gogoratzen ez zutela. Ondorioztatu daitekeenez, bortxatzaileek substantziaren bat erabili zuten emakumeek konortea galdu zezaten.

Emakumeen lesioen eragilea bortxaketa bat izan zitekeela adieraztera eman zuen medikuaren txostena jaso zuen Espainiako Poliziak, eta abenduaren 19an gertakariaren gaineko ikerketa abiatu zuen. Egun gutxiren buruan, abenduaren 24an, erasoa pairatutako emakumeek deklaratu zuten.

Bi egunen buruan, abenduaren 26an, Espainiako Poliziak bi gizon atxilotu zituen bortxaketarekin zerikusia zutelakoan. Epaitegiko magistratuari arreta deitu zion horietako baten mugikorrean aurkitutako argazki batek: Espainiako Poliziako agente baten alaba ageri zen bertan. Jakin denez, agente hori eta kasuarekin loturan atxilotuetako bat koinatuak dira.

Kasua estaltzeko saiakera

Bortxaketa kasuan nahasita dagoenaren koinatuak gaixorik zegoela adierazi zuen abenduaren 23an, emakumeak deklaratu bezperan. Agentea ez zen urtarrilaren 2ra arte lanera itzuli, eta beraz ez zuen parte hartu kasuaren ikerketan. Alabaina, sarbidea zuen kasuaren gaineko nondik norakoak jasotzen zituen WhatsApp taldera; bertan jakinarazi zen erregistroak eta atxiloketak egingo zirela. Epailearen arabera, “egiaztatuta dago inputatuak mezu horiek irakurri zituela eta, beraz, oporretan zegoen arren, egiten ari ziren ikerketen berri zuela”. Eta gehitu duenez, koinatuaren izenarekin bilaketak gauzatu zituen Poliziaren aplikazioetan, abenduaren 13tik urtarrilaren 27ra bitartean.

Hala bada, uste da agente horrek bere koinatuari ikerketaren nondik norakoen berri eman ziola, eta uste horretatik abiatu zen bigarren ikerketa lerroa, bortxaketa estaltzeko saiakerari lotua. Ikerketa burututa, epaiketaren zain dago kasua. Emakumeak ordezkatzen dituen akusazio partikularrak lau urte eta erdiko espetxe zigorra eskatzen du poliziarentzat, informazio sekretua ezagutzera emateagatik eta delituei jarraipena egiteko eginbeharra ez betetzeagatik. Fiskaltzak, bere aldetik, absoluzioa eskatu du, susmoak egon arren frogarik ez dagoela argudiatuz.

Bortxaketaren inguruko ikerketa martxan da oraindik.

Datuen desagerpena

Kasua argitzeko baliagarri suerta zitezkeen froga batzuk desagerrarazi egin dituzte. Auzipetuetako baten sakelako telefonoaren memoria-iraulketaren emaitzak desagertu egin dira, baita Otaño tabernako kameraren irudiak ere. Kasua ikertu zuen polizia unitatearen artxiboak ere faltan dira.