argia.eus
INPRIMATU
Bi pertsona hil dira lan istripu banatan
  • Astelehenean eta asteartean lan istripuak gertatu dira, Bankan eta Orion, hurrenez hurren. 56 urteko abeltzaina eta 51 urteko kamioilaria hil dira ondorioz. Lan heriotza horiek kontutan hartuta, aurten gutxienez 44 langile hil dira Euskal Herrian.

ARGIA @argia 2022ko uztailaren 07a

Astea hasi denetik bi langile hil dira lan istripuen ondorioz. Istripuetako bat astelehenean gertatu zen Bankan (Nafarroa Beherea). 56 urteko abeltzainak bizia galdu zuen gidatzen ari zen traktorea irauli ostean. Biharamunean, uztailaren 5ean, 51 urteko kamioilari bat hil zen Orion (Gipuzkoa). A-8ra sartzeko biribilgunean kamioia irauli zitzaion, sutea eta eztanda eraginez. Zendutakoa Grupo Azkuneko langilea zen, "hormigoi hornitzaile lanetan aritzen den enpresa taldea", ELA Sindikatuaren arabera. Langileak Aiako hormigoi plantan kamioia bete berri zuen.

Bi istripu hauek kontutan hartuta, aurten gutxienez 44 pertsona hil dira lan istripuen ondorioz Euskal Herrian, LAB Sindikatuaren kontaketaren arabera.