argia.eus
INPRIMATU
Bi pertsona atxilotu dituzte Gasteizen emakumeak prostituitzera behartzea leporatuta
  • Haien ia biktima guztiak egoera irregularrean dauden atzerritarrak dira, bizirauteko euren borondatearen kontra prostituitu behar izan direnak.

Izaro Villarreal Lauroba 2023ko urriaren 23a
Argazkia: EITB

Espainiako Poliziak bi pertsona atxilotu ditu astelehen goizean Gasteizen, prostituzio eta sexu esplotazio delituak egitea egotzita, EITBk argitzera eman duenez. Poliziaren arabera, zaurgarritasun egoeran zeuden emakumeak erabiltzen zituzten prostituitzera behartzeko. 68 urteko gizonezko bat eta 47 urteko emakumezko bat dira atxilotuak eta ikerketak frogatu duenez, biek ala biek zerbitzu sexualak eskaintzeko webgune bat kudeatzen zuten, eta emakumeei etxebizitza alokatzen zieten bertan lan egin zezaten.

Biktima ia guztiak atzerritarrak dira, egoera irregularrean egonik, bizirauteko euren borondatearen kontra prostituitu behar izaten zirenak. Egunero hamahiru orduko lanaldietara kondenatuta zeuden (11:00etatik 00:00etara), atsedenik eman gabe. Telefono bana ere ematen zieten sexu zerbitzuak bertatik kudeatzeko, esplotatzaileek horren gaineko erabateko kontrola edukita.

Espainiako Poliziak hirugarren pertsona bat, 55 urteko gizonezko bat, ere atxilotu du emakume proxenetarekin diruaren truke ezkontzeagatik (3.000 euroren). Hirurak kargupean aske daude, epaiketa noiz egingo zain.