Astelehenean, urtarrilak 7, Frantziako Nizan epaitu behar zuten arren, auzi saioa otsailaren 14era arte atzeratu diote Martine Landry 73 urteko emakumeari. Bere delitua: Italia eta Frantzia arteko mugan, mendialdean, isolaturik geratutako bi mutiko afrikarri batetik bestera pasatzen lagundu izana. Amnesty Internationaleko arduraduna da Landry.
Italia eta Frantzia arteko mugan sekulako jende mugimendua dago azken urteotan, Afrikatik Italiara sartu ostean gerra eta miseriatik ihesi datozen etorkinek Ipar Europara pasatzeko Menton eta Ventimiglia arteko mendiak zeharkatzea baino modu hoberik aurkitzen ez dutela. Iheslarien galtze eta istripuak sarritan gertatzen dira Meditarraneo ondoan egonagatik neguan sarritan elurtuta dauden bortu horietan; urte betean ofizialki 14 etorkin hil dira bertan, errealitatean ziurrenik gehiago.
Mugako herrietako herritar asko saiatzen dira mendian galdutakoei laguntzen. Borondatezko mugalarien artean ezagunena Cedric Herrou egin da, behin eta berriro atxilotua eta epaiketan zigortua ere izan dena. Hain zuzen ere hau eta bere etxean aterpetuak zeuden etorkinak atxilotuta bi egunera, iazko uztailean, egin zuen Martine Landyk orain egozten zaion delitua: 15 eta 16 urteko bi mutiko Ginean sortuak Italia eta Frantzia arteko mugako kontrol ofizial batean hartu zituen bere gain, ANAFE Etorkinentzako Mugaldean Laguntza Elkarteari entregatzeko. 73 urteko emakumeak epaiketan jaso lezake zigortzat bost urteko espetxe aldia eta 30.000 euroko isuna.
Solidaritate mezu asko jaso ditu Landryk, nahiz eta egia den sare sozialetan oso bestelako mezuak ere ugaritzen doazela azken urteotan, etorkin ilegalei laguntzen dieten jendeentzako mehatxuz betetako mezuak. Nizako epaitegiko atarian askoren babesa eduki du Amnesty Internationaleko boluntarioak.
Agintarien presioa gero eta handiagoa den arren, elkartasun ekintzek ez dute etenik eskualdean. Joan den abenduan mendizale talde handi batek protesta sinbolikoez gain laguntza praktikoak ere eman zizkieten menditik pasatzen ahalegintzen diren etorkinei, hala nola pasabide arriskutsuenetan sokak ipiniz edo mendian aurkitutakoei berogarriak edo lehenbiziko zaintzak eskainiz: