argia.eus
INPRIMATU
Bi Mosso inputatu dituzte gomazko piloten erruz begia galdu zuen emakumearen auzian
  • Bartzelonako Instrukzio Epaitegiak errua egotzi die bi Esquadra Mossori, azaroaren 14ko manifestaldian gomazko pilotak tirokatu eta Esther Quintanari begi bat galtzerainoko zauria eragiteagatik. Datorren apirilaren 9an deitu dituzte deklaratzera. Manifestaldian zauritutako emakumeak Kataluniako polizia salatu zuen gertakaria jazo eta berehala.

Lide Hernando @lidehernando 2013ko martxoaren 27a
Esther Quintana, kazetariei hitz egiten (argazkia: eldiario.es)

Epaitegitik pasako diren Mossoak, Dragó 40 unitateko burua eta eskopetaria dira. Hasiera batean, Generalitateak poliziak gomazko baladun eskopetarik erabili ez zuela defendatu zuen, baina frogatu ahal izan da hori ez zela egia.

Francisco González Maillo epaileak hainbat frogaren sinesgarritasuna egiaztatu ostean hartu du erabakia. Manifestaldian Quintanaren aurkako erasoa ikusi zuten lekukoen bertsioak zaurituarenarekin bat egin zuten. Bestalde, deklaratzera deituriko Mossoen unitatea manifestaldian emakumearengandik gertu zegoela egiaztatu ahal izan du. Zaurituari eginiko osasun-txostenak ere ondorioztatu zuen Quintanaren begiko zauriak gomazko pilota baten tiroarekin bat egin zezakeela.

Esther Quintanak berriz igaro behar izan du operazio-gelatik, jasandako zauriak arrastoak utzi dizkiolako. Generalitatearen ukazioen aurrean, beti defendatu du begia galdu izana gomazko pilota baten ondorioa zela.