argia.eus
INPRIMATU
Bi minututik behin emakume bat hiltzen da haurdunaldiko arazoengatik
  • Amek osasun-arreta egokia jasotzeko atzerapen eta desberdintasun handiak daude, Nazio Batuetako hainbat erakunderen azken txostenean argitaratutako datuen arabera. Nazio Batuetako zortzi eskualdetatik bitan (Europan eta Ipar Amerikan, eta Latinoamerikan eta Karibean) amen heriotza-tasa %17 eta %15 igo da, 2016 eta 2020 artean.

Leire Rodriguez Garmendia @leirero_22 2023ko otsailaren 24a

Bi minututik behin emakume bat hiltzen da haurdunaldian edo erditzean, Nazio Batuetako hainbat erakunderen azken txostenean argitaratutako datuen arabera. 2000 eta 2020 urte bitartean munduan izandako amen heriotza-tasaren jarraipena jaso dute txostenean. Agerian geratu da atzerakada kezkagarria izan dela. Izan ere, munduko ia eskualde guztietan amaren heriotzen kopuruak egin du gora.

Tedros Adhanom Ghebreyesus Osasunaren Munduko Erakundeko zuzendari nagusiak adierazi duenez, "haurdunaldiak emakume guztientzat itxaropen handiko unea eta esperientzia positiboa izan behar lukeen arren, oso esperientzia arriskutsua da mundu osoko milioika emakumerentzat". Estatistika berriak emakume guztiek erditu aurretik osasun-zerbitzuak izatea beharrezkoa dela argi utzi duela gehitu du.

"Milioika familiarentzat, erditzearen miraria lausotu egiten da amen heriotza-tasaren tragediagatik", adierazi du bestalde UNICEFeko zuzendari exekutiboak, Catherine Russellek. "Ama batek ere ez luke bere bizitzagatik beldurrik izan behar haur bat mundura ekartzen duenean, batez ere ohiko arazoak tratatzeko ezagutzak eta tresnak dituenean. Osasun-arretan ekitatea izateak esan nahi du ama guztiei, beren nortasuna edo bizilekua edozein dela ere, erditze segurua izateko eta familiarekin etorkizun osasungarria izateko aukera ematea".

Zenbaki absolutuetan, munduko eskualde pobreenetan eta gatazkak jasaten dituzten herrialdeetan dira egoerarik okerrenak, batez ere, amen heriotza-tasaren aldetik. 2020an, amen heriotzen %70 inguru Sahara hegoaldeko Afrikan gertatu dira. Krisi humanitario larriak dituzten bederatzi herrialdetan, amen heriotza-tasek nabarmen bikoiztu dute munduko batezbestekoa.

Kalkuluen arabera, 2020an mundu osoan 287.000 ama hil ziren. Kopuru horrek jaitsiera txiki bat besterik ez dakar, 2016.urtean hildako 309.000 amaren heriotzarekin alderatuz, Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako Helburuak abian jarri zirenean. Zenbait aurrerapen izan diren arren, lortutako aurrerapenak gelditu egin direla eta kasu batzuetan atzera egin dutela adierazi du Osasunaren Munduko Erakundeak.

Nazio Batuetako zortzi eskualdetatik bitan (Europan eta Ipar Amerikan, eta Latinoamerikan eta Karibean) amen heriotza-tasa %17 eta %15 igo da, 2016 eta 2020 artean. Beste eskualdeetan gelditu egin da. Hala ere, txostenak adierazi du aurrera egin daitekeela. Esaterako, Australiak eta Zelanda Berriak, eta Erdialdeko Asiak eta Hegoaldeko Asiak nabarmen jaitsi dituzte amen heriotza-tasak, %35 eta %16 hurrenez hurren, beste 31 herrialdek bezala.

Heriotzaren arrazoiak eta konponbidea

Heriotza eragiten duten arrazoi nagusiak honako hauek dira: odoljario larriak, hipertentsioa, haurdunaldiarekin lotutako infekzioak, abortuak arrisku-egoeran egiteak eragindako konplikazioak eta haurdunaldian larriagotu daitezkeen gaixotasunak (hiesa eta paludismoa, esaterako). Hori guztia prebenitu eta tratatu egin daiteke, neurri handi batean, osasun-arreta errespetuzkoa eta kalitate handikoa izateko aukerarekin, OMEk jakitera eman duenez.

Komunitatean oinarritutako oinarrizko osasun-laguntzak emakumeen, neskatoen eta nerabeen beharrei erantzun diezaieke, eta zerbitzu erabakigarriak eskuratzeko aukera eman dezake, hala nola, erditze instrumentatuak eta jaio aurreko eta jaio ondorengo arreta, haurren txertoak, nutrizioa eta familia-plangintza. Hala ere, osasuneko oinarrizko arreta-sistemen finantziazioak, osasun-arretako langile trebaturik ezak eta produktu medikoen hornikuntza-kateen ahultasunak arriskuan jartzen dituzte aurrerapenak.

Emakumeen herenak, gutxi gorabehera, ez ditu izaten gomendatutako jaio aurreko zortzi kontroletatik lau, ezta jaio ondoko oinarrizko arreta ere; 270 milioi emakumek, berriz, ez dute familia-plangintzako metodo modernorik. Ugaltze-osasuna kontrolatzea funtsezkoa da emakumeek ugalketa planifikatua izateko eta beren osasuna babesteko. Diru-sarrerekin, hezkuntzarekin, arrazarekin edo jatorri etnikoarekin zerikusia duten ezberdintasunek are gehiago handitzen dituzte emakume haurdun marjinatuentzako arriskuak; izan ere, emakume horiek dute aukera gutxien amatasuneko oinarrizko arreta jasotzeko, baina haurdunaldian osasun-arazoak izateko aukera gehien dituztenak dira.

"Amen heriotza-tasa murriztea munduko osasunaren erronka larrienetako bat da oraindik", esan du John Wilmoth Nazio Batuetako Ekonomia eta Gizarte Gaietako Departamentuko Biztanleria Dibisioko zuzendariak. "Aurreikus daitekeen amen heriotza-tasari amaiera eman eta kalitateko amen osasun-arreta jasotzeko sarbide unibertsala eskaintzeak nazioarteko ahalegin iraunkorrak eta konpromiso haustezinak eskatzen ditu, bereziki populazio ahulenentzat. Guztion erantzukizuna da ama orok, edozein dela ere, erditzea eta bera eta bere seme-alabak aurrera ateratzea".