argia.eus
INPRIMATU
Bi minututan galdutako elkarrizketak
Andoni Tamayo Arrizabalaga 2025eko martxoaren 13a

Azkar! Azkar! Adi egon, ez daukat astirik eta! Ohartarazi behar zaitut, denborak agian ez baitit uzt… Pipipipi-pipipipi! Pipipipi-pipipipi!

Goiz jaiki, eguneratuta egoteko irratia piztu, dutxa hartu, ilea lehortu, orraztu, bizarra kendu edota makillatu, kafea egiten den bitartean, ogia txigortu eta gmailak erantzun, aldi berean arropa jantzi eta hortzak garbitu. Esnatzea lortu.

Oraindik erdi lokartuta egonda ere musika entzuteko aurikularrak ipini. Kalera atera, autobus-geltokiraino ibili, autobusera igo, Twitter ireki, tuiteatu eta busetik jaitsi. Lanean sartu, lankideak agurtu, ordenagailua piztu, gmaila berrikusi eta, orain, zortzi orduko lautada, zortzi kilometroko basamortua; batzuentzat oasiz beteta, besteentzat sufrimenduz josia. Danba! Ordua! Azken gmailak bidali, ordenagailua itzali, lankideak agurtu, lanetik atera, Eroskira joan, afaria erosi, autobus-geltokira gerturatu, igo, mugikorra atera, aurikularrak jarri, musika lasaia ipini, Whatsapp ireki, whatsappak erantzun eta whatsappak bidali, busetik jaitsi, etxeraino ibili eta etxean sartu. Behin etxean, janaria hozkailuan sartu, telebista piztu, arropaz aldatu, eroso jarri, Whatsapp berrikusi, Twitter berrikusi, Instagram begiratu, liburu bat irakurtzen saiatu, afaria prestatzen hasi, afaldu, sukaldea jaso, platerak garbitzearekin batera ondoren telebistan zer ikusi pentsatu, saloira joan, erabakitako telesaila jarri, ColaCao-a eskuetan edukita telesaila ikusi, telebista itzali, desmakillatu, hortzak garbitu, oheratu, lo hartzen saiatu eta, berriz ere, bigarren aldiz egun berean, 7-8 orduko ibilbidea, 7-8 kilometroko paisaiarik gabeko gaua.

…esan behar dizudana esaten. Hola bada, barkatu. Hala ere nire mezua laburtzen saiatuko naiz, zera esan behar nizun… Pipipipi! Pipipipi! Pipip…

Andoni Tamayo Arrizabalaga