argia.eus
INPRIMATU
Bi milioi euroko diru sarrerak izan ditu Franco Fundazioak 2000tik 2015era
  • Afiliatuen kuotetan, donazioetan eta Aznarren agintaldiko diru publikoetan, orotara 2 milioi euro pasatxoko diru sarrerak izan ditu fundazio faxistak.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2019ko urtarrilaren 07a

2000tik 2015era bitartean, Francisco Franco fundazio faxistak bi milioi euro baino gehiagoko diru sarrerak izan dituela argitara eman du eldiario.es hedabideak. Zehazki, afiliatuen kuotekin 1,6 milioi euro ingresatu dituzte, 300.000 euro donazioekin eta 150.000 inguru Jose Maria Aznarren agintaldiko (PP) diru publikoetatik emandakoekin. Gastuei edo inbertsioei dagokienean, aldiz, 500.000 euro soldatetan, 70.000 azpiegituretan eta 160.000 antolatutako ekintzetan joan zaizkie –uztailaren 18ko eta azaroaren 20ko ekitaldiak, besteak beste–.

Beherantz doaz donazio kopuruak. Zifrarik altuenak 2006 eta 2007an izan ziren –urtean 130.000 euroren inguruan–, baina ondorengo urteetako datuak jaitsi egin dira. Dena den, 2015etik gaur arteko datuak ez daudela “eskuragarri” dio hedabideak, “zehaztu gabeko arrazoiengatik”. Donazio kopuruen jaitsiera agian urrian emandako gertakari batetik etor liteke: Europar Parlamentuak fundazioa debekatzeko eskatu zion Espainiako Gobernuari.

Gaur egun Francisco Franco fundazioak deklaratuta duenaren arabera, bi enplegatu eta boluntario batez osatua dago. Hauei 42.000 euro inguru ordaintzen zaizkie, baina urtean beste 130.000 euroko “zehaztu gabeko” gastua dute.