argia.eus
INPRIMATU
Bi mila lagunek hondartzetara eraman dute sakabanaketaren aurkako aldarria
  • Etxeratek hondartzetan mobilizazioak deitu ditu beste urte batez. Presoen arloan urratsak eskatu dizkiete estatuei, eta sakabanaketak eragin dituen 937 zaurituak eta 16 hildakoak izan dituzte gogoan. 11/13 makrosumarioko auzipetuei elkartasuna adierazi diete.

ARGIA @argia 2019ko abuztuaren 05
Hendaiako hondartzako mobilizazioa. Argazkia: etxerat.eus.

Igandean Etxeratek mobilizazioak egin ditu kostaldeko hamalau hondartzetan. Euskal Preso eta Iheslari Politikoen Senide eta Lagunen Elkarteak emandako datuen arabera, bi mila lagun mobilizatu dira orotara, Muzkiz eta Hendaia artean.

“Euskal Herriko hondartzetan gaur gure presentzia egotea, Espainiako Estatuak euskal gizartearekin daukan zorraren adierazle da”, adierazi dute Etxerateko bozeramileek Hego Euskal Herriko hondartzetan. “Konponbide” garaiak izanagatik, estatuak “zigor gehigarria, xantaia eta mendekua” praktikatzen jarraitzen duela salatu dute bildutakoek. Aurten honezkero presoen senide eta lagunek sei istripu izan dituzte, hamahiru zauritu eragin dituztenak. 30 urte direla dispertsioa hasi zenetik, istripuak 344 izan dira, zauritutako pertsonak 937, eta hildakoak 16.  20 preso gaixo larri espetxeratuta jarraitzen dutela gogoratu du elkarteak. 11/13 makroepaiketan “presoen alde lan egiteagatik” auzipetuta dauden 47 pertsonak ere izan dituzte gogoan, bereziki “Etxeraten bozeramaile izateagatik” epaituko dituzten Izaskun Abaigar eta Nagore López de Luzuriaga.

Frantziako Estatuan mugimendu gutxiegi

Frantziako Estatuari dagokionez, hondartzen “postalaren beste aldea hona heldu direnei” ikustarazteko beharraz mintzatu dira Hendaian. Presoen auzian aldaketa batzuk eman direla onartu dute, Lannemezan eta Mont-de-Marsan espetxeetara hurbildu dituzten presoen kasuak nabarmenduz. Baina oraindik ere egiteko asko dagoela aldarrikatu dute: “Ezin dugu sufrimenduaz iraganean hitz egin, oraindik ere gure oraina delako”.

Azkenaldian estatuak epaitegietan izaniko jarrera arbuiatu du Etxeratek, Lorentxa Beyrie eta Xistor Haranburu presoekin gertatutakoa gogoratuz. “Bi epaitegik Frantziako Estatuan dauden bi presoen baldintzapeko eskaerak onartu dituzte, egoera politikoaren aldaketa kontuan hartuz”. Aldiz, “estatuaren ordezkariak diren prokuradoreek deia egin zuten, preso horiek kartzelan mantenduz”. Lorentxa Beyrie eta Xistor Haranburu ez ezik, Jakes Esnal eta Ion Kepa Parot ere kalean egoteko badintza guztiak betetzen dituztela salatu dute.

Urgentzia helarazi dute Hendaian: "Denbora politikoa, denbora administratiboa, luzeak direla entzuten dugu eta ulertu dezakegu. Baina espetxe denborak presa handia du, suntsitzen ditu presoak eta haien hurbilenekoak. Aski da!".