Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Iraunkortasun sailburuordetzaren erregistroaren datuak aztertuta atera du ondorioa Ekopoleko irakasle talde batek. "Legez kanpoko funtzionamendua" egon dela esaten du txostenak.
Kutsaduraren prebentzio eta kontrol bateratuari buruzko (IPPC) araudiaren ez-betetze larriak izan dira Gipuzkoako Zubietako erraustegian 2020 eta 2021 urteetan. Tartean, 2020an isurketen gehieneko balioa (IGB) 2.000 aldiz baino gehiagotan gainditu due erraustegiak. Ekopoleko irakasle talde batek egindako ikerketaren emaitzak dira. Osagai toxikoak egon dira: NOx (nitrogeno oxidoa), COT (karbono organiko osoa), CO (karbono monoxidoa), sufre dioxidoa (SO2), HF (hidrogeno fluoruro), besteak beste. Gehiegizko isurketen ia erdia NOx gas oso toxikoarenak izan direla irakurri daiteke txostenean.
Larritasuna ez dute kontuan hartzen erraustegian gainera, Ekopolen arabera: erregistroen datuei begiratu eta ondorioztatu daiteke gehiegizko kutsadura gainditu den kasuetan, labeak hondakinez hornitzen jarraitu dutela, araudiak dioenean kasu horietan geratu egin behar dela prozesua. Horrez gain, instalazioak ez dauka kontrol automatikorik gehiegizko isurketa balioak gainditzen direnerako.
Azterturiko denboraldi horretan erraustegiak "legez kanpoko funtzionamendua" izan zuela irakurri daiteke txostenean. Erraustegia martxan jarri zuten "obrak amaitu gabe zeudenean, instalazioak erabat probatu gabe zeudenean, atmosferarako emisioen neurri zuzentzaileak oraindik ezarri gabe zeudenean, eta ez zeudenean proiektuan diseinatu eta aurreikusitako segurtasun-neurriak". Hori horrela, Ingurumen Baimen Bateraturik gabe funtzionatu zuen erraustegiak 2020ko otsailetik abuztura, eta 44.074 tona hondakin erre zituen.
Kutsadura mugatzeko komeni da ahal bezain gutxi gelditzea erraustegia, itzaltze eta pizte tarte horretan anitzez gehiago kutsatzen duelako. Europako Batzordeak 2019ko azaroaren 12an onartutako irizpideen arteko bat da hori. Zubietako erraustegian, ordea, ez dute kontuan hartzen aholkua: 240 aldiz utzi dituzte labeak programatu gabe azterturiko bi urte horietan. Txostenaren egileen kalkuluei segi, erraustegiak urte osoan isuriko lukeenaren herena osatu dute gelditze-abiatze momentuetako kutsadura heinek. Txostenean konklusioa argi doa: "Funtzionamendu erregimen hori Europako araudiak proposatutakotik oso urrun dago".
EHUko irakasle Gorka Buenok eramandako ikerketa dago datu horien oinarrian, Ekopol diziplina anitzeko ikerketa-taldearentzat egindakoa. Gizarte zein ingurumen-arazoak lantzen ditu Ekopolek, eta beraien webgunean irakurri daitekeenari segi, "taldearen helburua gizartean garrantzia eta eragina duten gaiei buruzko ekarpenak egitea da, hala nola iraunkortasun ekologikoa eta gizarte eta ingurumen-krisia, klima-aldaketak, herritarren parte-hartzea eta ingurumen-justizia, ekonomia zirkularra eta ekofeminismoa landuz".