argia.eus
INPRIMATU
Bi makiren gorpuak aurkitu dituzte Gazteluberrin
  • 2020rako Nafarroako Memoriaren Institutuaren Programak deshobiratze bat gauzatu duen estreinako aldia da. Bildutako testigantzen arabera, litekeena da hezurrak 1944an erail zituzten bi borrokalari antifrankistenak izatea.

Mikel Eizagirre 2020ko ekainaren 22a
Teknikari taldea ikerketa-lanetan. Argazkia: Nafarroako Gobernua.

Nafarroako Memoriaren Institutuak, Aranzadi Zientzia Elkarteko talde teknikoarekin elkarlanean, Gazteluberriko hilerrian lurperatutako bi lagunen gorpuzkiak berreskuratu zituen ekainaren 20an. Herrian jasotako testigantzen arabera, 1944an leku hartan bertan hil zituzten aita-semeak, maki izenez ezaguna zen gerrilla antifrankistako kideak bi-biak. Gorpuen ondoan alkandora bat, lapitz-ontzi bat eta beste hainbat jantziren hondarrak topatu dituzte.

Nafarroako Memoriaren Institutuaren 2020ko Deshobiratze Programaren baitan egindako lehen bilaketa-lana da. Urtarrilaren eta otsailaren artean Monrealen, Esainen, Soraurenen eta Erreniega mendilerroan hasitako ikerketak bertan behera utzi behar izan zituzten alarma egoeraren ezarpenarekin batera. Halere, egungo egoerari esker, Iberoko, Iruzkungo eta Bidaurretako bilaketa-lanak berrartu dituzte. Udalerri horietan ez dute ezer topatu oraingoz.

Ekainaren 20koa izan da lehen prospekzio arrakastatsua, eta horri esker bi gorpuak berreskuratu ahal izan dira. Iragan ostiralean hasitako deshobiratze-lanak burutu dituzte dagoeneko.

Datozen hilabeteetan, Institutuak hainbat lekutan ikerketak jarraitzeko asmoa adierazi du, urte hasieran onartu zen planari jarraiki. Aldi berean, frankismoaren aurkako borroka gorpuztu zuen mugimenduaren memoriarako prozesuari ekingo dio Institutuak, zenbait elkarrizketa abiaraziz.