Ostegun (otsailak 7) goizaldean agintariek hala manaturik, eguerdian artean etenda zeuden Zaldibarko (Bizkaia) Eitzaga auzoan luizi handi bat eraginez galdutako bi langileen bilaketa lanak. Ostegun arratsaldean amildu ziren zabortegiaren lurrak eta AP-8 autopistaraino heldu zen milioi erdi tona baino gehiagoko hondakin masa. Bi beharginen bila ari zirela jakin zuten agintariek bertan ohiko hondakin ez arriskutsuez gain amiantoz osatutakoak ere bazirela. Autopista zabalik dago, erdia baliatuz bi norabideetarako erabiltzeko. Eta polemika piztu da zabortegiaren kudeaketa eta segurtasunaren inguruan.
Zaldibarko Eitzaga auzoan Verter Recycling enpresak kudeatzen duen zabortegian galdutako 50 eta 50 urteko bi langile dira. Ezbeharra ostegunean (otsailak 6) 16:00ak aldean gertaturik, laster hasi ziren erreskate lanak, ilundu ostean ere gauez jarraitu zutenak, harik eta agintariek goizaldeko 01:30 inguruan erabaki zuten arte lanak etetea, ostiral goizean segurtasun batzorde berezi batek jarraitzeko baldintzak erabaki arte.
Eguerdian Eusko Jaurlaritzako larrialdietarako daukan SOS Deiak jakinarazi duenez, agintari eta adituen bilera berezi batean erabaki dute gaur langileen bilaketa-lanei berriro ekitea, horretarako eskatuz amiantoa bezalako hondakin arriskutsuen erabileran trebatutako ekipo baten laguntza:
Gaur desagertutako 2 pertsonak bilatzeko lanekin berriro hasiko dira, hondakinen kudeaketan espezializatutako empresa batekin laguntzarekin._Hoy se reanudarán las labores de búsqueda de las 2 personas desaparecidas con la ayuda de una empresa especializada en gestión de residuos. pic.twitter.com/QInwdLnfK1
— SOS Deiak - 112 (@112_SOSDeiak) February 7, 2020
Ia 14 orduz egon dira etenda lanok, berriro bazkalondoko 15:00ak pasata ekiteko:
#Zaldibar -ren desagertutako bi langileak bilatzeari ekin diote berriro https://t.co/ZFNpP4cbzM
— EiTB Albisteak (@eitbAlbisteak) February 7, 2020
Etenaren arrazoia amiantoan zetzan. Ustez, Eitzagako zabortegiak hondakin ez arriskutsuak kudeatzeko baimena zeukan arren, amiantoarekin egin zuten topo bertan lanean ari zirenek. Goizean polemika piztu da baimenon inguruan. Alde batetik, (Naiz-ek aurreratu du xehetasun hau lehenbizi) hondakin arriskutsuentzat dela aipatzen duelako 2016an Eusko Jaurlaritzak Verter Recycling enpresari zabaldutako Ingurumen Baimen Bateratuan behin eta berriro espreski aipatzen delako puntu hori. Aldiz, Berria-k zabaldu duenez, agintariek istripuaren hasieratik jakin behar zuten zerekin egin zezaketen topo sorospen zerbitzuek, amiantoa biltzeko baimena espreski ematen zitzaiolako enpresari 2007an emandako Ingurumen Baimen Bateratuan.
Geroago, Eusko Jaurlaritzako bozeramaileek Radio Euskadi-n adierazi dute Verter Recyclingek bazuela amiantoa kudeatzeko baimena, Naiz-ek berak zabaldu du enpresa honek baimen hori daukala justu 2017tik.
Goizean entzun dira langileen eta sindikatuen kexuak, lehenbiziko erreskate lanetan aritu direnek amiantoa bezalako gai arriskutsu bati dagokion babes neurri barik jardun direlako. Geroago zabaldu diren irudietan, inguruan zaintza lanetan ari diren Ertzaintzako agenteak janzki bereziak beztituta ageri dira.
🔊 Roberto Seijo @Erne_sindicato 'los ertzainas y los técnicos sanitarios y de emergencias entraron en la zona de derrumbe sin tener conciencia de que había materiales peligrosos. Las informaciones llegaron muchas horas después'. #zaldibar https://t.co/8y8JujBSwb
— Boulevard R. Euskadi (@Boulevardeitb) February 7, 2020
Urte luzez Bilbotik Irun aldera edo Donostiatik Barakaldorantz joan diren milaka herritarrak ohituta zeuden Ermua inguruko bihurguneen goiko aldean ageri zen bete-lan gero eta erraldoiago hura ikusteaz. Masa itzel hori maldan behera abiatu da orain eta autopistaren erdia denbora luzez eduki beharko dute itxita: bidea oztopatzen duen pila kentzen hasiz gero gainera etorriko da goitik anitzez gehiago... eta ikusteke dago segurtasun azterketak ez ote duen autopista osorik etetea eskatuko hurrengo euritearen beldur...