argia.eus
INPRIMATU
Bi langile zendu dira Arabako upategi batean
  • Asteazken arratsaldean gertatu zen istripua, Lapuebla de Labarkako Espada Ojeda upategian. Ertzaintza eta Osalan gertaturikoa ikertzen ari dira.

ARGIA @argia 2020ko urriaren 08a
(Argazkia: Arabako Foru Suhiltzaileak)

Arabako Errioxan jazo da ezbeharra, Lapuebla de Labarka herrian. Asteazken arratsaldean, Espada Ojeda upategian lanean ari ziren bi langilek bizia galdu zuten lan istripu baten ondorioz.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak emandako informazioaren arabera, arratsaldeko 19:40 aldera gertatu zen istripua. Bi langileetako bat mahatsez beteriko andel batera erori zen. Bigarrena langilea laguna laguntzen saiatu zen, baina andelera erori zen bera ere. Ardoaren hartzidura prozesuan askatzen diren gas toxikoen ondorioz, langileek kordea galdu zutela uste da.

Zendutakoek 53 eta 56 urte zituzten. Daniel Espada, herriko alkate izandakoa da horietako bat, eta honen senidea bestea.

Ertzaintza eta Osalan gertaturikoa ikertzen ari dira.

Istripu honekin 52 lirateke aurten Euskal Herrian hildako langileak, eta beste langile batek desagerturik dirau Zaldibarko zabortegian.