argia.eus
INPRIMATU
Bi langile hil dira Lantziegoko ardo upategi batean
  • Langile bat ardoa egiten den edukiontzi batera erori zen igandean eta hari lagundu nahian toki berera sartu ziren beste bi. Anhidrido karbonikoa arnastuta hil ziren horietako bi langile. 60 eta 61 urte zituzten hildakoek.

Izaro Villarreal Lauroba 2023ko urriaren 02a
Argazkia: Lantziegoko Udala

Lantziegoko (Araba) Crespo Zabala upategiko bi langile hil dira igande eguerdian, eta beste bat ospitaleratu dute.

Arabako Aldundiko Nekazaritza Saileko eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko iturrien arabera, eguerdiko 13:30 aldera deitu zuten larrialdi zerbitzuetara ezbeharraren berri emanez. Osasun zerbitzuak bertaratutakoan, haietako biren heriotza baieztatu zuten, eta hirugarrena helikopteroz eraman zuten Logroñoko ospitalera.

Mikel Garaizabal enologoak anhidrido karbonikoa gas “toxiko” eta “arriskutsu” modura definitu du EITBri egindako adierazpenetan, eta adierazi du upategia oso aireztatuta egon behar dela, anhidrido karbonikoa lurrundu dadin. Hortaz, gas toxikoaren ondorioz oxigenorik ez dagoela kontuan izanda, bi langileak konortea galduta hil zirela baieztatu du Garaizabalek.