argia.eus
INPRIMATU
Bi langile hil dira Gasteizen, lan istripuz
  • Asteartean hil da plataforma jasotzaile eta hesi baten artean zapalduta gelditu zen 43 urteko langilea. Correoseko langile bat ere hil da Gasteizen motorrak furgoneta baten kontra talka egin ondoren.

Nahia Ibarzabal @NahiaIbarzabal 2018ko abuztuaren 29a
Gasteizko Michelin enpresa

Igande goizean pneumatikoak egosteko prentsa batean plataforma jasotzaile batekin bi langile lanean zebiltzan bitartean, haietako bat plataforma jasotzaile eta hesi baten artean harrapatuta gelditu zen.

ESK sindikatuak salatu duenaren arabera, lantegi barneko telefonoa ez zebilenez, istripua gertatu zenetik langilea ospitalera iritsi arte 40 minutu pasatu ziren. Aldiz, enpresak adierazi du istripua gertatu ostean protokolo guztiak bete zirela.

Langilearen heriotza salatzeko enpresa batzordeak 24 orduko lanuztea deitu du ostegun goizaldeko seietatik ostiral goizaldeko seietara.

Correoseko langile bat ere hil da lan istripuan

Lan istripu baten ondorioz beste langile bat ere hil da Gasteizen. 39 urteko langilea hil da, banaketa egiteko motorrarekin, furgoneta baten aurka talka egin ondoren. Sindikatuek jakitera eman dutenez, duela gutxi kontratatu zuten aldi baterako langilea zen.