argia.eus
INPRIMATU
Bi langile hil dira baso lanetako istripuetan, abuztuan
  • Istripu bat Ataunen (Gipuzkoa) gertatu da, abuztuaren 22an. Bestea Iurretan (Bizkaia) gertatu zen abuztuaren 14an.

Manex Usarralde Garmendia 2024ko abuztuaren 23a
'Prekarietatea hiltzailea dela' salatzeko lore-eskaintza. Argazkia: LAB

Bi langile hil dira baso lanetan ari zirela abuztuko azken bi asteetan. Iurretan hil zenari adar bat erori zitzaion gainera, abuztuaren 14an. Ataunen hil den beharginari zuhaitz bat erori zaio gainera, ostegun honetan.

Ataungo istripua Lizarrusti mendatean gertatu da. Suhiltzaileak, Ertzaintza eta osasun langileak bertaratu dira, baina langilea bertan hil da. Suhiltzaileek hileta zerbitzuen esku utzi dute gorpua.

Iurretako istripua ikertzea eskatu zuen LAB sindikatuak, abuztuaren 19an. Izan ere, gogorarazi zuen arrisku “handia” dagoela basogintzan, makina arriskutsuekin egiten dutelako lan besteak beste, lur malkartsuetan eta eguraldi txarrarekin.

37 langile hil dira 2024an, Euskal Herrian

37 behargin hil dira urteak daraman denboran, Euskal Herrian. LAB sindikatuak Iurretako istripuaren harira salatu zuen langileen lan baldintzak “gero eta eskasagoak” direla. Erakundeei eta arduradun politikoei galdegin zien ea lan osasuneko politikak “errotik” aldatzerik bazuten, istripurik ez izateko neurriak hartzeko. Sindikatuak dei egin du istripuak salatzeko egingo diren mobilizazioetan parte hartzera.