Filipe Laskarai eta Benjamin Charron atxilotu dituzte jendarmeek asteazken goizean, apirilean Kanboko Herriko Etxean sartu eta han egindako protestekin lotuta. Marieniako lurrekin ez espekulatzea eskatu zuten laborari eta ekintzaileek ekintza hartan.
Euskal Irratiek jakinarazi dutenez, Benjamin Charron laboraria uztaritzen atxilotu du Poliziak eta Filipe Laskarai Ostiako ekintzailea, berriz, Itsasun. Asteazken goizean atzeman dituzte biak eta Uztaritzeko polizia-etxera eraman dituzte.
Pasa den apirilean Kanboko Herriko kontseiluan izandako protesten harira egin dituzte atxiloketak. Laborariek eta Ostia kolektiboak deituta hautetsiak kontseilua egiten ari ziren unean sartu ziren, Maireniako lurren aldeko eta espekulazioaren kontrako aldarriak jaurtitzen.
Protestan tentsio uneak izan ziren. Christian Deveze Kanboko auzapezak lurrean amaitu zuen une batez, eta gertaerak zalaparta sortu zuen hautetsien eta laboraqri zein kolektiboen artean.
Bouyges enpresak etxebizitzak eraiki nahi ditu Kanboko Marienia etxaldeko laborantza lurretan eta herritarren kontrako mugimendu zabala eragin du horrek.
Duela bi urte ehunka lagun eta dozenaka traktore bildu zituen manifestazioa antolatu zuten Kanboko Nahi Dugun Herria taldeak, Ostia sareak, ELBk eta beste hainbat sindikatuk. Geroztik mobilizazio eta ekimenak etengabeak izan dira lur horiek laborantzarako direla aldarrikatzeko.
2022an enpresak Angelun duen egoitzan ekintza egin zuten Ostia sareko kide ugarik, eta horietako lau –tartean Filipe Laskarai, orain atxilotu duten ekintzailea– auzipetu zituzten proiektuaren maketa bat andeatzea leporatuta.