argia.eus
INPRIMATU
Bi lagun atxilotu ditu Frantziako Jendarmeriak Öcalanen aldeko martxan
  • Abdullah Öcalan buruzagi kurduaren alde Estrasburgora egiten ari diren martxaren bederatzigarren egunean Jendarmeriak bi lagun atxilotu ditu.

ARGIA @argia 2017ko otsailaren 09a
Presio polizialarekin eta probokazioekin bada ere, aurrera jarraitzen du Öcalanen aldeko martxak (argazkia: @KurdishQuestion).

Igarki Robles ekintzaile internazionalistak martxatik bertatik informatu du osteguneko gertakariez. Azaldu duenez, eskuin muturreko turkiarren probokazioek ez dute etenik izan –asteazkenean ere martxari eraso egiten saiatu ziren–.

Tentsioak gora egin du Jendarmeriako agenteak Alsaziako Marmoutier herrian agertu direnean. Nazioarteko martxa han zegoen, kultur elkarte batean, eta poliziak inguratu egin ditu, ustez, turkiarrekin izandako liskarra dela-eta.

Roblesek azaldu duenez, herritik mugitu ezinda egon dira, abokatuen zain. Bitartean, eskuin muturreko turkiarrak Marmoutierrera joan dira.

Albiste hau idazten ari garen momentuan bi lagun atxilotuta eraman dituzte. Roblesen arabera, gauean askatuko dituzte eta abokatuak beraiekin egongo dira uneoro. Martxak bere ibilbidearekin jarraituko duela ere informatu du.