Hizkuntza eskubideen urraketa sufritu zuten bi triatletek bilera izan dute Atlético San Sebastián, Euskadiko Triatloi Federazioa, eta triatletari txartel gorria atera zion epailearekin. Kirolariek atera duten oharrean diote epailearekin “zentzu zabalean” ulertzea lortu badute ere, ez dutela lortu ohar komun bat ateratzea.
Ondoko lerroetan duzue Donostiako bi kirolariek klubarekin, federazioarekin eta Marta Berasategi epailearekin izandako bilera ondoren atera duten oharra:
Ekainaren 27an, Atletico San Sebastianeko egoitzan pertsona hauek elkartu ginen: Emakumearen Triatloiaren ospakizunean kanporatutako kirolaria, txartel gorria atera zion epailea, Atletico San Sebastianeko antolatzaileak eta Euskadiko Triatloi Federazioko kideak. Bilkura hori eta gero, zera adierazi nahi dugu triatloian parte hartu genuen bi ahizpek:
- Eman zen hizkuntza eskubidearen urraketa berriz ere gertatuko ez dela konfiantza osoa dugu, Atletico San Sebastianek eta Euskadiko Triatloi Federazioak euskaraz egin ahal izateko eskubidea bermatzen jarraitzeko konpromisoa berretsi baitute.
- Euskararen erabilerarekiko eskubide urraketa nahita izan ez zela sinesten dugu.
- Argi dugu tentsio egoera egon bazen ere epailearekiko mehatxu eta irainik ez zela egon.
- Epailea eta kirolariok elkarri ulertu diogu zentzu zabalenean, baina ez dugu ohar komun bat idaztea lortu, guk gure ahalegin guztiak egin baditugu ere.
- Eskerrak eman nahi dizkiogu Atletico San Sebastian Kirol Erakundeari arazo honi konponbidea bilatzen izan duen erabateko prestutasunagatik.
Donostian, 2018ko ekainaren 29an