argia.eus
INPRIMATU
Prezioen garestitzea
Bi kilo tipula, 2,30 euro ordaintzetik 3,99ra hilabete bakar batean
  • Arroz kiloa euro eta hamahiru zentimo garestitu ditu Mercadona supermerkatu kateak otsailaren 7tik martxoaren 1era. FACUA kontsumitzaileen elkarteak mila elikagai baino gehiagoren prezioak aztertu ditu Espainiako Estatuko zortzi supermerkatu kate handietan. Urtea hasi denetik, oinarrizko hiru elikagaitik bat garestitu egin da Hego Euskal Herriko supermerkatuetan, Espainiako Gobernuak BEZa kendu badu ere.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2023ko martxoaren 20a
Mercadona-k 2,30etik 3,99ra igo du bi kiloko tipula saskia; Eroski-n, lau tipulako poltsatxoa, 1,49 eurotik 2,47 eurora igaro da otsailetik martxora. (Argazkia: Business Insider)

FACUAren azken txostenak ondorioztatu duenez, argi ikusten da BEZa ezabatzearekin prezioak merkatu beharrean, erosketa-saskia garestitu eta supermerkatu kateak aberastu egiten ari direla. Oinarrizko elikagaiei BEZa kendu zien Espainiako Gobernuak joan den abenduaren 30ean, 2023ko lehen seihilekoan erosketa saskiaren kostuaren igoera apaltzeko helburuz; zehazki, gaur egun, %4koa zen zerga deuseztatuta dago oinarrizko elikagaien kasuan –arrautzak, barazkiak, frutak, lekaleak, ogia, gazta eta esnekiak, besteak beste–, eta olioa eta pastari, esaterako, %10etik %5era murriztu zaie BEZa.

BEZa kendu aurreko eta ondorengo prezioak aztertu ditu, hilabetez hilabete, FACUA elkarteak. Hona ekarri ditugu garestitzearen hainbat adibide.

Bistan da, prezioen igoerarik handienak fruta eta barazkien alorrean izan direla:

-Mercadona-k 2,30etik 3,99ra igo du bi kiloko tipula saskia;

-Eroski-n, lau tipulako poltsatxoa, 1,49 eurotik 2,47 eurora igaro da otsailetik martxora;

-Dia-n, berriz, hiru kiloko patata-poltsa urtarrilean 2,88 euroan ordaintzetik, 4,22 eurora pasatu da otsailerako, eta prezio horretan mantendu da martxoan;

-Hipercor-en, esaterako, arroz borobilaren marka zuria 1,82 eurotik 2,79ra igo da BEZa ezabatu zenetik;

-eta beste kasuren bat aipatzearren, azkenik, granada kiloa Carrefour-en: kiloko 1,91 euro ordaintzen zen BEZa ezabatu zenean; 3,99 euro/kiloa otsailean; eta 4,99 euro martxoan.

Ikerketaren taula xehea argitaratu du FACUAk.

"Legez kanpokoa"

Oinarrizko elikagaien BEZa ezabatzeko dekretuan, abenduaren 27ko 20/2022 dekretuaren 72. artikuluan hain justu, zera aipatzen da: "Zerga gutxitzeak edo ezabatzeak soil-soilik kontsumitzaileari egingo dio mesede, eta inola ere ez enpresa ikuspegiko eragileei, ekoizle, banatzaile edo saltzaileei".

Lehiaren eta Merkatuaren Espainiako Batzordera jo du beste behin FACUA kontsumitzaileen elkarteak, supermerkatu kate handien jarduna "legez kanpokoa" dela salatzera.