Futuro Vegetal talde ekologistako bi kidek Goyaren Majen margolanetara itsatsi zuten euren burua larunbatean, klima larrialdiaren aurkako neurriak eskatzeko. Bi ekintzaileak eta ekintzari buruz informatzen ari ziren bi kazetari atxilotu egin zituzten eta “historia ondareari kalteak egite eta desordena publikoa” egozten dizkiete, El Saltok jaso duenez.
Bi kazetariri “historia ondareari kalteak egitea eta desordena publikoa” egozten dizkiete larunbatean Madrilgo Pradoko museoan klima larrialdiaren aurkako ekintzari buruz informatzeagatik. Gaua komisarian pasa ostean, aske utzi dituzte bi kazetariak eta Pradoko museoan ekintza egin zuten bi ekologistak, baina laurei leporatzen dizkieten delituek sei hilabete eta hiru arte bitarteko kartzela zigorra edota hamabi eta hogeita lau hilabeteko isunak ekar ditzakete.
Futuro Vegetal talde ekologistako bi kideek Goyaren Maja Biluziaren eta Maja Jantziaren margolanen markoetara itsatsi zuten haien burua, eta bien arteko paretan “1,5º” idatzi zuten, planetaren tenperaturaren igoerari erreferentzia eginez. Klima Aldaketaren Aurkako Gailurra egiten ari da egunotan NBE Nazio Batuen Erakundea Egipton, eta munduan zehar talde ekologistek ugaritu egin dituzte neurri eraginkorrak eskatzeko ekintzak.
Larunbateko kasuan Madrilgo Prado museoko margolanek ez dute kalterik jasan, baina segurtasun langileek berehala ekin zuten eta ekologisten eta ekintzaren berri ematen ari ziren kazetarien aurka ere egin zuten, Joanna Gimenez kazetarietako batek berak El Salto hedabidean salatu duenez: “Ekologisten ekintza grabatzea ez zitzaiela interesatzen esan zidan eta nire lana egiteari uzteko exijitu”, azaldu du.
Polizia Nazionalak laurak atxilotu zituen, eta Madrilgo 29. Instrukzio Epaitegiaren esku utzi zituen. Atxilotutako ekintzaile batek El Saltori jakinarazi dio ez dietela aukerarik eman adierazpenik egiteko ez polizia etxean ezta epaitegian ere. Epailearen autoak dio delituak "lau ekintzaileei" egozten dizkietela, kazetariak euren lana egiten ari ziren arren.