argia.eus
INPRIMATU
Bi irakasle mehatxatuak Korsika Garaian, ikasleak arabieraz abesteagatik
  • Korsika Garaiko Prunelli-di-Fiumorbu herriko Lehen Mailako eskolan bi institutriz mehatxatuak izan dira eta ikasturte bukaerako Kermesa ekitaldia bertan behera geratu da.

Mikel Asurmendi @masurmendi 2015eko ekainaren 17a
Prunelli-di-Fiumorbuko ikasleen aniztasunaren adierazgarria.

Ontsalaz, ikasleek John Lennon-en Imagine kanta abestu beharko lukete ekainaren 26ko jaialdian, baina hainbat gurasok irakasleen aurka gogor egin ondoren, ez dute eginen. Polemikaren iturria ez da Imagine kanta, berez, honako hau baizik:

Bi institutrizak Imagineren zenbait bertsio prestatzen ari ziren, frantsesez, korsikeraz, ingelesez, espainolez eta arabieraz. Alta bada, ikasleen guraso multzo bat sumindu da euren seme-abalak arabieraz entzutean. “Ez dugu gure seme-alabek arabiera ulertu dezaten nahi”, adierazi diete irakasleei.

Prunelli-di-Fiumorbu herrian (Korsika Garaia) komunitate magrebtarra zabala da. Eskolako irakasleek guraso batzuek “erlijioaren eta hizkuntzaren artean egin duten amalgama” salatu dute, baita “hainbat gurasoren informazio eskasa” ere. Irakasleek Droit de retrait delakoari kasu eginez, uko egin diote ikasturteko jaialdia (Kermesa) ospatzeari. Halaber, egunotan eskola orduak ez daude guztiz bermatuak.

Irakasleek zabaldutako komunikatuan diotenez, irakaskuntzako programak errespetatuak ez diren bitartean, ez dute beren ikasleen ez beren burua segurtatuta ikusten.

Hezkuntzako akademiaren inspekzioak salaketa jarri du auzitegian “mehatxu arrazistak” argudiatuz. Michel Barat erretoreak sostengua adierazi die irakasleei. Guraso horien jarrera arbuiatu du eta “eskolak ordezkatzen dituen baloreen aurkako jarrera kalifikaezina dela” argudiatu.

Azkenik esan, FLAREPek (Hizkuntza Erregionalen Aldeko Gurasoen Federakuntza Irakaskuntza Publikoan) Prunelli-di-Fiumorbuko irakasleei bere elkartasuna adierazi die publikoki.

Iturri osagarriak:

Korsa ViaStella

Europe1