argia.eus
INPRIMATU
Bilboko Urretxindorra eta Lekeitioko Azkue ikastoletako bi irakasleren sexu erasoak salatu dituzte
  • Urretxindorra Ikastolako (Bilbo) eta Azkue Ikastolako (Lekeitio) bi irakasleren aurkako salaketak egin dituzte zenbait emakumek sare sozialen bidez. Horren aurrean, Urretxindorra ikastolako irakasleak astelehen honetatik aurrera klaserik ez ematea erabaki du Ikastolen Elkarteak. Lekeitioko irakaslea, berriz, erretiratuta dagoela azaldu dute.

Leire Ibar 2024ko abenduaren 16a
Ustezko erasotzaileak momentuz ez du klaserik emango. AUX magazine

Urretxindorra ikastolako hainbat ikasle eta ikasle ohik Denuncias Euskal Herria Instagrameko profilaren bitartez modu anonimoan egin dituzte salaketak. Gizon horren aurkako lehen akusazioak abenduaren hasieran argitaratu ziren. Horien ostean, hainbat izan dira irakasle beraren aurkako kexak zabaldu dituztenak. 

Urte luzez, 10 eta 17 urte bitarteko neskei iruzkin sexualak egiten zizkiela eta sexualizatu egiten zituela ziurtatu dute salatzaileek. Gertatzen zena jakinekoa zela eta “ezkutatu gabe” egiten zuela kritikatu dute adierazpenetan.

Instagrameko profil berean salatu ditu Azkue ikastolan izandako erasoak ikasle ohi batek. Irakasleak jarrera autoritarioa izateaz gain, neskei bizkarretik eskua sartu eta "begira x-k ez darabil bularretakorik" bezalako komentarioak egiten zituela azaldu du. Urte asko isilean pasatu ondoren, egoera salatzeko pausua eman nahi izan duela nabarmendu du.

Ikastolen Elkarteak neurriak hartu ditu

Ikastolen Elkarteak salaketa horiei “zilegitasun guztia” ematen diela, eta ikasleen “segurtasuna eta ongizatea” bermatzea “lehentasuna” dela adierazi du. Bestalde, elkartea osatzen duten ikastolek neurri “zorrotz eta zehatzak” hartzeko betekizuna dutela azaldu du, epaitegietan aurkeztutako salaketa izan ala ez.

Emakumeen aurkako eraso eta jazarpenaren aurrean irmotasuna eta konpromisoa”, azaldu du Nekane Artola Ikastolen Elkarteko buruak. Irakasleak klaserik ez duela emango nabarmendu du Euskadi Irratian. Eskolak emango ez baditu ere, ikastolara joaten jarraituko du, beste lan batzuetara bideratuko dute. Lekeitioko ikastolako salaketaz, irakaslea erretiratua dagoela soilik adierazi du.

Laguntzarako baliabideak

Emakumeen aurkako “eraso, jazarpen edo biolentziari” aurre egiteko protokoloari jarraikiz, erasoa jasan dutenei, beraiek hala nahi badute, ongizate emozionalerako zein beharrezkoak diren prozeduretan laguntzeko baliabideak eskainiko dizkietela informatu dute.

Horrez gain, Ikastoletan edonolako jazarpen edo eraso mota jasan duten pertsonei, edo jokabide desegoki baten lekuko izan direnei, zuzendaritza organoekin edo Ikastolen Elkartearekin berehala harremanetan jartzeko deia zabaldu dute. “Jazarpeneko, indarkeriako edo diskriminazioko” edozein egoeraren berri emateko salaketak@ehi.ikastola.eus helbide elektronikora idazteko eskatu dute.