argia.eus
INPRIMATU
Bi hildako eta zauritu bat Wisconsinen, arrazakeriaren aurkako protesten hirugarren gauean
  • Igandean polizia batek Jacob Blake afroamerikarrari bizkarrean zazpi aldiz tiro egin ostean piztu dira protestak.

Mikel Eizagirre 2020ko abuztuaren 27a

Gutxienez bi pertsona hil dira eta beste bat zaurituta dago, Kenoshan (Wisconsin) hirugarren egunez piztu diren protesten harira, The Guardian egunkariak jakinarazi duenez. Igandean polizia batek Jacob Blake izeneko afroamerikarrari bizkarrean zazpi aldiz tiro egin zion, eta horrek hainbat bizilagunen herra piztu du.

Polizia-buletinaren arabera, zenbait pertsona armatu manifestarien aurka tiro egiten aritu ziren, hiri horretako gasolindegi batetik gertu, Milwaukee hegoaldean, zehazki. Bien bitartean, Blake larri dago ospitalean.

Sare sozialetan zabaldutako bideoek manifestarien eta jabetza pribatua babesten ari zen talde paramilitar ultraeskuindarren arteko konfrontazioa jazo zela erakusten dute. Udal agintariek gaueko zortzietatik aurrera ezarritako etxeratze-agindua indarrean sartu ondoren, polizia Kenoshako konderriko auzitegien eraikinaren aurreko parke batean zeuden manifestariak sakabanatzen hasi zen Sheridan kalerantz, eta bertan gertatu zen tiroketa.

David Beth Kenosha konderriko poliziaburuak prentsari esan dionez, tiroketa Blaken heriotzagatik protestan ari ziren manifestarien eta dendak babesten zituzten gizon armatuen arteko liskarren ondorio izan ote zen ikertzen ari dira. Hildakoak eta zaurituak eragin dituen tiratzailearen bila aritu da polizia, eta jada atzeman dute. Zenbait iturrik adierazi dutenez, polizia izan nahi duen nerabe zuria da.

Poliziak, megafono bat erabiliz, manifestariei legez kanpo bilduta zeudela jakinarazi ostean, agenteek gas negar-eragileak jaurti zituzten. Dozenaka polizia istiluen aurkako ekipamenduekin auzitegietatik atera ziren, jendetza sakabanatzeko.

Ostiral honetan Washington DCko Lincolnen monumentuaren aurrean milaka pertsona elkarretaratzea espero da, 1963ko Washingtongo Martxa ospatzeko, Martin Luther King eskubide zibilen buruak amets bat dut hitzaldi ospetsua eman zuen tokian.