argia.eus
INPRIMATU
Bi hildako eta lau milioi eurotik gorako kalteak uholdeen ondorioz Nafarroan
  • Nafarroako Erriberan uholdeek ondorio nabarmenak utzi dituzte. Lau milioi euro baino gehiagoko kalte ordainak utzi dituzte.

Iruñe Astitz Larunbe @arkkuso 2015eko martxoaren 05
Argazkia: Nafarroako Gobernua

Bi pertsona galdu dute bizitza: Fustiñana eta Buñuel artean pertsona batek bizia galdu zuen traktore batekin Ebro ibaian harrapatuta geratzean. Arruazun beste pertsona bat hil zen Arakil ibaira erorita.

Arga eta Ebro ibaiak izan dira gainezka egin dutenak, errepide aunitz itxiz. Normaltasuna berreskuratu bada ere, oraindik ibaien ur emaria altua izaten jarraitzen du. Garbiketa lanek aurrera darraite.

Ebro ibaiaren garbiketa izan da Erriberako alkateen lehenengo eskaria. Era berean, Nafarroako Parlamentuak, ur-goraldiak saihesteko eta ibaiak zaintzeko orduan administrazio bakoitzaren eskumenak zehazteko txosten juridiko bat eskatu du.

Martxoaren 6an Espainiako Ministro Kontseiluan kalteak konpontzera eta garbiketara bideratutako neurriak jasotzen dituen lege dekretu bat onartuko dute.  Nafarroari emanen dizkioten lau milioi euroez gain, nekazaritzako aseguruek uholdeek eragindako kalteak konpontzera bideratuko dira ere.

200 nekazari nafar inguru bildu ziren Ebroko Ur Konfederazioak Zaragozan duen egoitzaren aurrean asteazkenean, martxoaren 4ean,  Nafarroako Nekazari eta Abeltzainen Batasunak deituta. Espainiako Gobernuari ibaiaren dragatzea eskatu zioten. Horrekin batera hitzemandako laguntzek uholdeek eragindako galeren %100ak ordaintzea eskatu zuten.

Duela 135 urtetik hona izandako otsaila euritsuena izan da: prezipitazioak bikoiztu eta tenperaturak baxu mantendu dira.