argia.eus
INPRIMATU
Bi hildako eragin dituzten uholdeei aurre egiteko: auzolana
  • Bi herritar hil dira azken egunotako euriteek eragin uholdeen ondorioz. Bata Sunbillako emakume bat luizi batek harrapatuta, eta bestea, Elizondokoa, Lesakara bidean zela desagertu eta Bidasoa ibaian aurkitu zuten hilotz. Kalte materialak leku ugaritan eragin ditu, izan Lapurdin edo Nafarroa hegoaldean, bigarren honetan herri eta auzo osoak urpean utziz. Igandean auzolan ariketa erraldoiak antolatu dituzte batean eta bestean.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2021eko abenduaren 13a
Auzolanean Iruñean. Argazkia: Borja Izagirre.

Kolpea gogorra izan da eta herritar askok ia dena galdu dute. Horren ondorioz eta kaltetutako herrietako alkateekin bildu ostean, Nafarroako Gobernuak adierazi du eragindako herriak hondamendi naturalen gune izendatzeko eskatuko diola Espainiako Gobernuari. Erribera izan da eremurik kaltetuenetako bat.

Frantziako Barne ministro Gerald Darmanin Euskal Herrian izan da eta besteren artean Baiona bisitatu du. Beren saltokietara ura sartu den saltzaileekin hitz egiteko baliatu du parada. Espainiako Barne ministro Fernando Grande Marlaska Nafarroan izan da, San Adrianen hain zuzen ere.

Eusko Jaurlaritzak, bere partetik, igandean jakinarazi du "azken hamarkadetako denboralerik garrantzitsuenetakoa" izan dela eta leku askotan hamar edo hogei egunetan, urte osoan egiten duen euriaren herena egin duela. Orotara lau egunetan 1.600 gorabehera erregistratu dituzte euriaren eraginez.

Auzolanerako deia

Uholdeek eragindako kalteei kolektiboan aurre egin asmoz, zenbait lekutan auzolanak antolatu dituzte igandean. Atarrabian, Garesen, Burlatan edo Iruñeko Arrotxapea auzoan.

Azpikoak Arrotxapeako irudiak:

Gora Burlatak herriko irudiekin eginiko bideo-laburpena:

Naiz irratiarekin mintzatu zen Garesko alkate Oihan Mendu eta herritarren erantzuna "brutala" izan zela adierazi zuen. Lotura honetan entzun daitezke bere adierazpenak.

Azpikoa Atarrabiako EH Bilduk sareratuko argazkia "Eskerrik asko" hitzak gainean jarrita.