Palestinako giza eskubideen alde lan egiten duten bi gobernuz kanpoko erakundek prentsaurrekoa eskaini dute asteartean, palestinarren atxiloketei buruzko datuak eman eta egoera salatzeko.
Ramallahn kokatuta dagoen Addameer eta Gazan lan egiten duen al-Mezan GKE-ek emandako datuak dira ondorengoak, Al Jazeerak jasoak:
Ekainean 388 palestinar atxilotu zituen Israelek Zisjordanian, Gazan eta Jerusalemen, tartean 70 haur.
Uztailean beste 880 palestinar atxilotu zituzten, tartean 144 haur.
Atxiloketen kopurua nabarmen igo dela azpimarratu dute al-Aqsako krisiaren ostean. Uztailaren 14an bi zaintzaile israeldar hil zituzten hiru palestinarrek. Ondoren tiroz hil zituzten hauek.
Jerusalem hirian bakarrik, 550 palestinar atxilotu dituzte azken bi hilabeteetan.
"Atxiloketen kopurua, dudarik gabe 2017. urte honetako altuena izateaz gain, azken urteetako altuena da", adierazi dute.