argia.eus
INPRIMATU
Bi hilabete geroago furgoneta batean ordaindu diete BBK Live festibaleko langileei
  • San Mames (Bilbo) estadioaren aurrean jarri duten furgonetan ordaindu diete BBK Live festibaleko langileei, bukatu eta bi hilabetera.

IƱaut Gonzalez de Matauko Rada @inautogdm 2019ko irailaren 05
Langileak ilara egiten kobratzeko. Argazkia: @EraginBilbo

Uztailaren bigarren astean izan zen Bilboko festibal ezaguna, eta bertako langileei hilabete bateko atzerapenarekin ordaindu diete furgoneta batean. Langile batzuek bi ordu baina gehiagoko ilara egin behar izan dute egindako lana kobratzeko.

Eragin Bilbo eragileak salatu du gertaera sareetan, eta berehala erantzun asko jaso ditu egin duten hariak: “Eskerrik asko guzti hau zabaltzeagatik. Lotsagarria”, “Penagarria. Umiliagarria. Nazkagarria” eta bestelako erreakzioak izan ditu jendeak. Horrez gain, ikasturte berrirako plangintza eratzeko asanblada irekia egingo duela zabaldu du Eragin Bilbok, irailaren 13an arratsaldeko 18:30ean, Karmelan (Santutxu).

BBK Live prekarioa

Azken urteetan festibalean behin behinekoz jardunean ibili diren langileek lan baldintza txarrak salatu dituzte. Behargin batek festibalean izan zituen lan baldintza txarrak azaldu zituen: lehenik, festibalak ez zion ordaindu nahi bere bizilekutik Bilborako bidaia. Bestalde, 12 orduko lanaldian jana eta edana langileek ordaindu behar zutela salatu zuen, eta lo egiteko kanpin denda “ziztrin” bat eskaini ziotela. Azkenik, hiru hilabete berandu ordaindu ziotela esan zuen, eta ordua 3,45 euro ordaindu ziotela.